Edukira joan

Epona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Epona
Zelta mitologia, Erromatar mitologia eta Antzinako Erromako erlijioa
Image
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakRhiannon
Domeinuazaldi-hazlea
Image
Eponaren erliebe bat, erromatar garaiko Mazedoniakoa

Epona Kristautasunaren aurreko jainkosa baten izena da. Harenganako gurtza oso zabaldua zen Europako mendebalean. Galian, Britanian eta Germanian jainkosa horren irudi ugari gorde da, zutik, eserita edo zaldi gainean.

Epona zaldi-behor, poni, asto eta mandoen babeslea zen. Ugalkortasunaren jainkosa zen bereziki, horixe adierazten baitute bere atributuek[1]: patera (kultuetan erabiltzen zen gopor edo platera), kornukopia, edota galburuak. Eta, zenbait eskulturetan, moxalak ondoan dituela agertzen da[2]. Bera eta haren zaldiak, herio bidaian arimak lagunduko zituztela pentsatzen da, erlijio zeltikoetan zaldia heriotzarekin lotzen baita. Horrela izatekotan, Mabinogionen galestar kontakizun multzoan aipatzen den Rhiannonekin paraleloak izango lituzke[3]. Eponaren gurtza, "azkenean Erroman maitatutako jainko edo jainkosa zelta bakarra"[4], zalditeriaren zaindari gisa[5], Erromatar Inperioan hedatuta zegoen K.a. I. eta III. mendeetan; hori ez da ohikoa jainko edo jainkosa zelta batentzat, horietako gehienak herri zehatzekin lotuta baitzeuden.

Erromatar ikonografian eta inskripzioetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epona izena Epos, zaldi/behor hitz zeltikotik dator. Lusitaniako Cabeço das Fraguas (Guarda, Portugal) aztarnategiko harkaitz batean idatzita aurkitu zuten inskripzioan Iccona izena irakur daiteke. Iccona "argitsuari" behor bat eskaintzen diotela dio inskripzioak Bada, jainkosa hori, Eponarekin identifikatu izan da.

Eponaren ezaugarri nagusiak erromatar garaiko eskultura eta ikonografian, antzinako sakrifizioetan erabiltzen zen patera bat -oso sakona ez den ontzi bat-, fruta edo artozko saskiak eta kornukopia -ugaritasunaren adarra- dira, eskuen artean dituenak. Azken hori, beharbada erromatar gehigarri bat da.

Bere istorioa eraikitzea zail samarra izan daiteke, baina Rhiannon Erdi Aroko galestar pertsonaiarekin parekatu da. Hari bezala "Erregina" titulua ematen zaio Eponari; zaldiekin ere aurkezten baita, animaliaren eta jainkosaren arteko hurbiltasuna agerikoa baita ikonografian. Galestar jainkosa, aldi berean, irlandar jatorriko Matxarekin nahasten da. Eponaren gurtza erromatar garaian Britania eta Europa ekialdetik, bereziki Borgoina eskualdetik, Afrika iparralderaino hedatu zen.[6]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, zaldizko irudi bat ageri da Markizko Santa Leokadia harpean. Zaldien jainkosatzat hartua izan dute batzuek. Besta batzuentzat, ordea, harpe horretako behe-erliebeak Goi Erdi Arokoak dira.[7] Albaitako herriko Granado ermitan dagoen zaldun baten grabatua Epona gisa uler zitekeela uste izan da[8], baina hori ere zalantzazkoa da. Zelta erlijioetan adituak direnen azken ikerketak esaten dute irudi horiek Erdi Arokoak direla eta beraz, Kristau kulturapean eginak[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Atributuak dira irudi jainkotiar edo Kristautasuneko saindu batekin irudikatu ohi diren objektuak, horien bidez, jainko, jainkosa edo saindu hori identifikatzeko.
  2. Salomon Reinach (1895). "Épona", Revue archéologique. 163–95 or.
  3. Henri Hubert (1925). Mélanges linguistiques offerts à M. J.Vendryes. 187–198 or..
  4. Phyllis Fray Bober, Réne Magnen berrikusten. "Epona, Déesse Gauloise des Chevaux, Protectrice des Cavaliers", hemen, American Journal of Archaeology, 62.3 (1958ko uztaila, 349–350 or.) 349 or. Émile Thevenot contributed 268 esakintza eta irudikapen dituen corpus bat osatu zuen.
  5. Berresford Ellis, Peter (1998). The Ancient World of the Celts. Great Britain. 175. or. ISBN 0-7607-1716-8.
  6. Hernández Guerra, Liborio. (2011). «La diosa Epona en la Península Ibérica: una revisión crítica» Hispania Antiqua (35): 247–260. ISSN 2530-6464. (kontsulta data: 2025-11-19).
  7. 1 2 (Gaztelaniaz) Alfayé Villa, Silvia. (2003). «La iconografía divina en Celtiberia: una revisión crítica.» Achivo Español De Arqueología 76: 82-84.  doi:https://doi.org/10.3989/aespa.2003.v76.106..
  8. (Gaztelaniaz) Elorza Guinea, Juan Carlos. (1970). «Un posible centro de culto a Epona en la provincia de Álava» Estudios de Arqueología Alavesa 4: 275-281. ISSN 0425-3507..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]