Devana
| Devana | |
|---|---|
| eslaviar mitologia eta Lusatian mythology (en) | |
| Ezaugarriak | |
| Sexua | emakumezkoa |
| Baliokideak | Diana |
| Domeinua | ehiza |
Devana, eslaviar mitologian ehizaren jainkosa bat da, erromatar Dianarekin nahastu zena. Serbiarrek Diiwica esaten zioten eta poloniarrek Dziewona. Beste izen batzuekin ere aipatuta agertzen da, hala nola: Zevana (polonieraz: Ziewanna), eta gutxiagotan Zievonia (polonieraz: Ziewonia, Zewonia) Mendebaldeko eslaviarrek gurtzen zuten natura basatiaren, basoen, ehizaren eta ilargiaren jainkosa da. Jan Długosz poloniar apaiza eta kronistak aipatu zuen lehen aldiz XV. mendean, eta Diana jainkosa erromatarrarekin alderatu zuen. Dziewanna polonierazko apo-belarra landarea izendatzeko ere erabiltzen da, baina hitzaren etimologia ez dago argi. Aleksander Brückner filologo poloniarraren kritika gogorren ondoren, ikertzaileek haren benetakotasuna baztertu zuten, baina gaur egun gero eta ikertzaile gehiagok onartzen dute benetan jainkosa hau izan zela. Batzuetan, folk errituetan, Morana jainkosarekin batera irudikatzen dute
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apo-belarraren izen proto-eslaviarra *divizna bezala berreraikitzen da (cf. Polonieraz: dziwizna,[1] txekieraz eta eslovakieraz: divizna, serbokroazieraz: divìzma ), bigarren mailako forma duena: *divina hain zuzen (cf. poloniera: dziewanna). Hitz horrek jatorri proto-balto-eslaviarra du eta lituanieraz devynspė͂kė, devynjėgė formekin agertzen da.
Balto-eslaviar taldearen kanpotik datorren sustraikide bakarra dazierazko διέσεμα/diésema hitza izan daiteke, *dićes-esmn («zerua erretzen») hitzen elkartetik erator daitekeena, baina eslavierazko hitzaren etimologia zehatza ez dago argi. Aleksandr Anikin hizkuntzalari eta etimologo errusiarrak antzekotasun bat nabaritzen du lituanierazko apo-belarraren hitzaren eta lituanierazko devynì "bederatzi" hitzaren artean.[2]
Devanaren izenaren hainbat interpretazio daude. Etimologiarik nabariena dziewa, dziewka, "neska, emakume gaztea, dontzeila", eta dziewica, "birjina" bezalako hitzak dira, dziewa hitzetik datorrena.[3] Etimologia hori erromatar-greziar jainkosarekin izan dezakeen lotura babeste du, izan ere, erromatar Diana (eta grezia Artemisak, mitoetan ez du inoiz seme-alabarik izan eta ez da inorekin ezkondu edo erraman sexualik izan
Beste hitz bat, zeinetatik jainkosaren izena etor daitekeen, poloniar dziwy zaharra izan daiteke, "basatia" esan nahi duena.[4][5]
Devanaren izena eta zeruaren jainko proto-indoeuroparra *Dyēus alderatzea ere proposatu da.[4]
Eslaviar folkloreak antzekoa izena duten deabruak biltzen ditu, adibidez. Poloniar eta txekiar dziwożona, errusiar div, bulgariar eta kroaziar Samodiva ("rusalka, boginka, izaki magikoa"), etab. Demas-diba femeninoak *diva hitz proto-eslaviarretik eratortzen dela onartzen da, eta hitz hori *divъ ("div, deabrua)") hitzaren forma femeninoa da. *divъ hori aitzinindoeuroperazko *Dyēus ("zeruko jainkoa") izenetik eratorria da, beti ere, tarteko *deywós ("zerutiarra") bidez. Harengandik hurbilen dagoen, ete berreraikita ez dagoen hitza Dievs da – zeruko jainkoa Baltikoko mitologian. Eslaviar folklorean, *Dyēus-etik eratorritako hitzek, deabruzko ezaugarriak hartu dituzte, Irango herriekin izandako kontaktu kulturalen ondorioz, erlijioaren Zaratrustaren erreformaren ondorioz *Dyēus-etik eratorritako izakiak (pertsiarren daeva) deabrutua izan baitziren.[6][4][7] Horrelako etimologia baten argumentu bat da Diana ere etimologikoki *Dyēus-etik eratorria dela. Anikinek ohartarazi du, apo belarra landarea batzuetan ilea argiago egiteko erabili izan dela, eta, aitzinindoeuroperazko *dei-u̯- or *dī- erroek, "distiratu, distiratsu izan" esan nahi dute, eta erro horiek ere *Dyēus hitzetik eratorriak dira.
Jainkosa askoren izenetan gertatzen den -ana, -anna atzizkia AIPtik eratorria izan daiteke. *ansu hitzak "jauna, gobernaria, jainkoa" esan nahi baitu..[8][7]
Iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Devana aipatzen duen lehen iturria Mater Verborum txekiarra da, ustez, XIII. mendeko latinezko hiztegi bat. Testuan esaten da Diana, Latona eta Iovis-en (Jupiterren) alaba dela, eta, ondoan, txekiar glosa bat, Devana, Letuna eta Perunen alaba dela esaten duena. Hala ere, Mater Verborum eskuiskribua Václav Hankak aurkitu zuen XIX mendean, eta Txekiako historiari buruzko testuak faltsutu zituela frogatu zen, eta horregatik, iturri hori ez da fidagarria. e.[9][10]
Devanaren iturri nagusia Jan Długoszen Analak da:
| « | Alde batetik, estatu letxitikoa (Mendebaldeko eslabiarren leinu batzuk) baso eta zuhaizti zabalak zituen eremu batean sortu zen, eta antzinakoek uste zuten bertan Diana bizi zela eta Dianak basoen gaineko boterea beretzat galdegiten zuela. Ceres, bestalde, herrialdeak behar zituen uztetako ama eta jainkosatzat hartzen zuten, eta, beraz, bi jainkosa hauek: Diana, Dziewanna izenekoa bere hizkuntzan, eta Ceres, Marzanna izenekoa, gurtza eta debozio bereziz gozatzen zuten. | » |
—-Jan Długosz: Poloniako erresuma ospetsuaren analak edo kronikak, 1455. | ||
Beste leku batean idatzi duenez, Mieszko I.ak jainko paganoen idoloak itotzeko agindua eman zuenean, "Idoloen suntsiketa eta itotze hori oraindik ere praktikatzen eta berritzen da Poloniako herri batzuetan, non Devana eta Morenaren irudiak makil luze batean daramatzaten eta zingiretara bota hondoratzen dituzten Laetareko Igandean ".[11] Hala ere, Długoszen informazioa, idoloak itotzeko ohitura kristauek idolo eslaviarrak suntsitzearen oinordekoa dela dioena, faltsua da, ohitura hori, jada, Probintzietako estatutu laburtuak testuan kondenatua dagoelako, eta testu horiek, Długoszen Analak baino lehen idatzi ziren. Poloniako Kronikan Antzeko ohitura bat deskribatzen du Marcin Bielskik:[12]
| « | Gogoan nuen oraindik Igande Zurian idolo bat itotzen zutela, giza arropaz jantzita, eta herri osoan zehar eramaten zutela, laku edo putzu hurbileneraino, non, arropa kendu ondoren, uretara botatzen baitzuten, tristuraz kantatuz: «Heriotza hesian bihurritzen da, bila ditzagun arazoak»; gero etxera ahalik eta azkarren joaten ziren korrika, eta erortzen zena urte hartan hilko zela iragartzen zuen. Marzanna deitzen zioten idolo honi, Marte jainkoa zela esango nuke, Ziewanna Diana den bezala.[1] | » |
—-Marcin Bielski: Poloniako kronika, 1597 | ||
Polonian, XVI. mendeko historialaria izan zen Maciej Stryjkowskik ere aipatu zuen jainkosa hau: "Diana, ehizaren jainkosa, Zievonia edo Devana izena zuen sarmaziarrentzat beren hizkuntzan", "Kristo, itsu jaio zen Mieszko ilustratu zenuen, eta Polonia zure bataiora ekarri zenuen. Grom, Ladon, Morana, Pogvizd, Zevanak amore eman zuten zure aurrean". [16] Beste historialari, kartografo edo irakasle hauek ere aipatu zuten Devana beren idazkietan: Maciej Miechowita (1457 – 1523), Alexander Guagnini italiarra (1538-1614), Marcin Kromer (1512-1589) eta Jakub Wujek apaiz jesuitak (1541 - 1597).[13]
Długosz alde batera utzita, Oskar Kolberge poloniar etnografoak ere aipatzen du Lusaziari buruzko bere lanean: «...Dživica, basoen eta ehizaren jainkosa, bereziki hegoaldeko Sorabiarren. Eguerdian basoan geratu zen norbaiti buruz ere hitz egiten dute: ...... ilargiaren argitan ehizatzen duela uste dute. Džiwi, "basati" esan nahi du, eta dživina "haragi basatia".
Devana toponimian ere aurki daiteke, adibidez. Děvín tontorra, Pavloven (Txekiako Břeclaveko barrutia) , Devínska Nová Ves (Bratislavako auzoa) edo Devin – Magdeburg hiriaren eslaviar izena- eta beste batzuetan.[14][oh 1]
Iturri potentzial bakarra, mendebaldeko eslaviarra ez dena, San Gregorioren sermoia da, Divaren figura zerrendatzen duena Mokosh eta Perun bezalako beste jainko batzuekin batera. Diva Antzinako ekialdeko eslavieratik Txekierara igaro zen eta Josef Jungmann, XVIII-XIX. mendeko txekiar hizkuntzalariak, uste zuen Lada jainkosaren beste izen bat zela.[14]
Folklorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Devana, lehen aipatutako iturriez aparte, ez da zuzenean folklorean agertzen, baina elezahar batzuek seinalatu dezakete. Devana Łysa Góra muinoaren kondairaren atzean dagoela uste da. Łysa Góra muinoan beneditarren monasterio garrantzitsua eriki zen XI. mendean Poloniar elezaharren arabera, monasterioa bertan eraiki aurretik, Łysa Góra gainean, kristau aurreko garaietan, Wielkopolska Kronika kronikaren arabera gord bat (eslaviar herri gotortua) zegoen, eta Długoszen arabera, gaztelu bat. Długoszen k dio, gaztelua erraldoiek eraikia izan behar zuela, eta herriaren bertsioan, esaten da Andre Harroaren egoitza zela. Andre Harroa, Alexandro Handia garaitu nahi zuena, harropuzkeriaz bete zen eta Diana izendatu zuen bere burua. Jainkoak ez izan zuen hori onartu eta gaztelua tximistaz suntsitu zuen. Marek Derwich-ek eta marek Derwichek uste dute "Andre harro" hori Devana dela.[15][16]
James G. Frazer folklorista eta mitologo eskoziarrak ere Devana aipatzen du bere Urrezko abarra idazlan klasikoan eta ohitura silesiar bat deskribatzen du, non Heriotzaren figura (Marzanna) urtzen edo suntsitzen den. Ondoren, gazteak basora joan, izei txiki bat moztu, azala kendu eta gero apaindu egiten dute, festoiekin, paperezko arrosekin, pisankiarekin (arrautza apainduak) eta abarrekin. Maiatza edo uda du izena zuhaitzak. Gero, mutilak zuhaitz horrekin ibiltzen dira etxez etxe, eta abestiak kantatzen dituzte:
|
Frazerrek gehitzen du: "Batzuetan, oso polit apaindutako imajina bat ere ekartzen dute basotik, Uda, Maiatz edo Emaztegai deitzen diotena. Poloniar barrutietan Dziewanna deritza, udaberriko jainkosa alegia.[17] Antzeko praktika bat deskribatzen du Marcin Kromerrek De origine et rebus gestis Polonorum libri XXX lanean.[18] Podlasie eskualdean, Printzesa, tunika koloretsuz, lorez eta perla gorriz jantzitako neska eder bat ageri zen inguruan, Silesiako ohiturarekin lotuta egon daitekeena.[19]
Eslaviar folklorean devony-ak daude (polonieraz dziewonie), mendietako espiritu femeninoak edo kobazuloetan bizi diren deabruak, iruten aritzen dira eta basoko ahari-larruarekin erlazionatuta daude, eta Devanaren bertsio deabrutua izan daitezkeela uste da. Dziwoony-en antzekoak izan daitezke.
Belarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Polonieraz, dziewanna (gutxiagotan dziwizna [1]) apo belarra ere bada, azala zaintzeko eta arnasketa arazoak tratatzeko erabiltzen dena. Szyjewskik, hala ere, dziewanna delakoa, batzuetan, Ama Birjinaren txirikorda deitua izan zela adierazten du,[20] eta Kolankiewiczek, Erdi Aroko ikonografian, batzuetan, Andre Maria, apo-belarra eskuan zuela irudikatzen zela, eta Marzanna (sei landareren izena), dziewanna delakoaren sinonimo bat ere izan zela, XVI. mendean.[21]
Interpretazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Długoszen panteoia" izen eman zaion proposamenari buruzko lehen ikerketek ukatu egin zuten Duglosezk aipatzen zituen jainko guztien edo gehienak noizbait izan zirenik. Kritika nagusiak Aleksander Brückner eta Stanisław Urbańczyk hizkuntzalariek egin zituzten. "Długoszen panteoiaren" ikuspegi hiperkritikoa baztertu ondoren, ikertzaile askok, hala nola Aleksander Gieysztor, Andrzej Szyjewski, Vyacheslav Ivanov eta Vladimir Toporov, gutxienez "Poloniako jainko" batzuen benetakotasuna aitortu egin dute, Devana barne.
Greziar mitologian, Artemisaren laguntzaileak ninfak dira, eta horien baliokide eslaviar hurbilenak boginki-ak lirateke, mendebaldeko eslaviarren sinesmenetan aurkitzen ditugunak, batez ere Polonian. Boginki-ak zuriz jantzitako edo biluzik dauden neska gazteak dira, urtegi, baso eta kobazuloen ertzetan bizi direnak. Bere bizileku edo ezkutalekuetatik gauez ateratzen dira, batez ere udako ilargi gauetan. Basapiztiak zaintzen dituzte, eta askotan etsaituta daude pertsonekin, batez ere gizonekin. Ilargia haien "jainkoa" da– haien jarduera gobernatzen du. Boginki-ek ere arku batetik tiro egiten dutela uste da.[22] Rusiniar elezaharretan, boginki-en antzekoak diren eta ahizpak diren vilas delakoen kopurua 27 da, [22] ("hiru aldiz bederatzi"), eta beste bertsio batean, 30 da. Hori 27 zodiakotan edo sektoretan banatzen den ekliptikarekin lotuta egon daiteke (adibidez Nakshatra hinduismoan) eta ilargiaren faseekin. Ezaugarri horiek kontuan hartzen badira, boginki-ak eta ninfak, Devana-Artemisekin –basoen eta ilargiaren jainkosa– lotu daitezke.[23]
Jainkosa bikoitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Devana eta Morana bikoteak udaberriko zeremonietan sarritan agertzen direla ikusita, ikertzaile batzuek iradoki dute jainkosa horietako biak bizitzaren eta heriotzaren jainkosa baten bi aldeak izan litezkeela. Antzeko gaia aurki daiteke beste erlijio indoeuroparretan, adibidez, eskandinaviar Helak, aurpegiaren erdiak espresio ederra eta atsegina zuen, besteak erdi hila eta gorrotagarria, edo Pertsefone-Kora greziar bikotea, urte erdia lur azpian eta urte erdia lurrean ematen zuena.[19] Kolankiewiczen arabera, jainkosa bikoitza Devanak Proto-Eslaviar *diva ("espiritu femeninoa, boginka") eta Irango devae-kin ("deabrua") duen ustezko loturaren bidez adieraz daiteke. Devana eta Moranaren izaera arkaikoa landarediarekiko lotura baten bidez adieraz daiteke, eta honek Ama Lurrarekin lotzen ditu.[24]
Kristautasunean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kristautze prozesuan, Trumoi Kandelaren Andre Mariak (polonieraz: Matka Boża Gromniczna) ordezkatu bide zuen Devana.[25] Poloniar kondairak dio otsaileko gauetan ibiltzen dela eta zelaiak izoztetik babesten dituela. Ikonografiak nekazariak heriotzatik babesten duen otsoarekin (edo otsoekin, Andre Mariak bere morroi egin zituenak) irudikatzen du. Hegatxabalez betetako saski edo habi bat izaten du oinetan, txorien kirrinkek udaberria laster iritsiko dela iragartzen baitute. Bere eskuetan beti dauka "trumoi-kandela" bat (polonieraz: gromnica, (grom "trumoi" baita), etorkizuna iragartzeko erabiltzen zena, etxea otsoetatik, tximistetatik edo gaitzetatik babesten zuena, eta haurren ilea erretzeko erabiltzen zena, belarriko gaixotasunetatik babesteko. Trumoi-kandela maiz aipatzen da udaberriaren etorrerari buruzko esaeretan.[26][25] Antzina, trumoi-kandelen ziriak apo-belarrez egiten ziren, eta, batzuetan, knotnica (knot "metxa" da) izen ematen zitzaion, edo baita, errege-kandela edo Ama Birjinaren txirikorda ere. Trumoi Kandelaren Andre Mariaren jaia (Kandelaria eguna) animalia basatiekin lotuta agertzen da beste herrialde eslaviar batzuetan.[27]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kondairaren arabera, Magdeburg Julio Zesarren aginduz eraiki zen, eta hiria Diana jainkosari sagaratu zion.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Cieśla 1991, 145 or. .
- ↑ Anikin 2019, 357 or. .
- ↑ Gieysztor 2006, 196-197 or. .
- 1 2 3 Kolankiewicz 1999, 461-462 or. .
- ↑ Kolberg 1985, 126 or. .
- ↑ Szyjewski 2003, 171 or. .
- 1 2 Niedzielski 2011, 165 or. .
- ↑ Kolankiewicz 1999, 462 or. .
- ↑ Brodský 2012.
- ↑ Brückner 1985, 117 or. .
- ↑ Szyjewski 2003.
- ↑ Gieysztor 2006, 197 or. .
- ↑ Kolankiewicz 1999, 425 or. .
- 1 2 Kolankiewicz 1999, 461 or. .
- ↑ Derwich 2004.
- ↑ Derwich & Cetwiński 1987, 135 or. .
- ↑ Frazer, James G.. (1995). Urrezko abarra. EHU, 248 or..
- ↑ Kolankiewicz 1999, 325 or. .
- 1 2 Szyjewski 2003, 135-136 or. .
- ↑ Szyjewski 2003, 135 or. .
- ↑ Kolankiewicz 1999, 460 or. .
- 1 2 Szyjewski 2003, 170-175 or. .
- ↑ Niedzielski 2011, 166-169 or. .
- ↑ Kolankiewicz 1999, 463 or. .
- 1 2 Kurek 2020, 4-10 or. .
- ↑ (Polonieraz) «Matka Boża Gromniczna» www.franciszkanie.pl (kontsulta data: 2025-11-30).
- ↑ (Polonieraz) Matka Boża Gromniczna. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Anikin, Aleksandr (2019). "дивена". Русский этимологический словарь. 13. lib. Mosku: Nestor-Istorija. ISBN 978-5-88744-087-3.
- Brodský, Pavel. (2012). «Rukopis mater verborum jako problém paleografický, kodikologický i uměleckohistorický» Historia Slavorum Occidentis 21: 1–2. doi:. ISSN 2084-1213..
- Brückner, Aleksander (1985). Mitologia słowiańska. Warszawa: Państwowe Wydawnictwo Naukowe. ISBN 83-01-06245-2.
- Cieśla, Joanna (1991). Wielka księga ziół. Warszawa: Wiedza i Życie. ISBN 83-85231-24-2.
- Derwich, Marek (2004). Od Gigantów po Aleksandra Macedońskiego. Obraz historii w relacjach o początkach Łysej Góry i klasztoru łysogórskiego (XIV-XVIII w.). Staropolski ogląd świata. Wrocław: Drukarnia Łazarzowa. 57–63. or.
- Derwich, Marek; Cetwiński, Marek (1987). Herby, legendy, dawne mity. Wrocław: Krajowa Agencja Wydawnicza. ISBN 83-03-01809-4.
- Frazer, James G. (1995). Urrezko abarra. EHU
- Gieysztor, Aleksander (2006). Mitologia Słowian. Warszawa: Wydawnictwa Uniwersytetu Warszawskiego. ISBN 978-83-235-0234-0.
- Gloger, Zygmunt (1903). Encyklopedja staropolska ilustrowana. IV. lib.
- Kolankiewicz, Leszek (1999). Dziady. Teatr święta zmarłych. Gdańsk: Słowo/Obraz Terytoria. ISBN 83-87316-39-3
- Kurek, Jagoda. (2020). «Dziewanna – ognisty aspekt archetypu dzikiej kobiety» Gniazdo - Rodzima Wiara I Kultura (FNCE) 1/(20).
- Kolberg, Oskar (1985). "Przekłady fragmentów Pjesnicěk J. E. Smolerja". Lud. Jego zwyczaje, sposób życia, mowa, podania, przysłowia, obrzędy, gusła, zabawy, pieśni, muzyka i tańce. Vol. 59, cz. I, Łużyce. Wrocław: Krajowa Agencja Wydawnicza. ISBN 83-00-00065-8.
- Niedzielski, Grzegorz (2011). Królowie z gwiazd. Mitologia plemion prapolskich. Sandomierz: Armoryka. ISBN 978-83-7950-077-2.
- Urzędów, Marcin (1595). Herbarz Polski to jest o przyrodzeniu ziół i drzew rozmaitych i inszych rzeczy do lekarstw należących księgi dwoje. Kraków: Drukarnia Łazarzowa.
- Szyjewski, Andrzej (2003). Religia Słowian. Kraków: Wydawnictwo WAM. ISBN 83-7318-205-5.