Aaliyah
| Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Aaliyah Dana Haughton (1979ko urtarrilaren 16a - 2001eko abuztuaren 25a) estatubatuar abeslari, aktore eta modelo bat izan zen. Brooklynen jaio zen, New Yorken, baina Detroiten hazi zen, Michiganen. Hamar urterekin Star Search telebista saioan agertu zen eta Gladys Knightekin batera kontzertu bat eskaini zuen. Hamabi urterekin Jive Recordsekin eta bere osaba Barry Hankersonen Blackground Recordsekin kontratua sinatu zuen. Osabak R. Kelly aurkeztu zion mentore izateaz gain, kanten idazle eta ekoizle izan zena Aaliyahren lehen albumean: Age Ain't Nothing but a Number. Albumak hiru milioi kopia saldu zituen Ameriketako Estatu Batuetan eta bi platinozko disko eman zizkioten. Ondoren R. Kellyrekin ilegalki ezkondua ote zegoelako alegazioak egon ziren eta Jiverekin harremana etenda, Atlantic Recordsera joan zen.
Timbaland eta Missy Elliottekin lan egin zuen bere bigarren albumerako, One in a Million, hiru milioi kopia saldu zituenak AEBn eta zortzi milioi mundu osoan zehar. 2000. urtean Romeo Must Die filmean agertu zen. Soinu-bandan ere parte hartu zuen eta Try Again singlea argitaratu zuen. Queen of the Damned filmean agertu zen, ostean, eta 2001ean bere azken diskoa egin zuen, Aaliyah izenekoa.
2001eko abuztuaren 25ean Aaliyah eta beste zortzi pertsona Bahametan hegazkin istripu batean hil ziren, Rock the Boat singelaren bideoklipa grabatu ostean. Hegazkineko piloto Luis Morales III.ak ez zuen hegan egiteko baimenik eta toxikologia azterketak erakutsi zuen kokaina eta alkohola zegoela bere organismoan. Hil ostean ere bere hainbat musika disko ekoitzi ziren. Guztira 24 eta 32 milioi disko artean saldu zituen munduan zehar. "R&Baren Printzesa" eta "Pop Urbanoaren Erregina" ezizenak eman dizkiote.