Edukira joan

Cornette

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cornette
headdress (en) Itzuli, Christian headcovering (en) Itzuli eta emakumezkoen burukoa
Image
Historia
SorreraXIV. mendea

Cornette (frantsesezko hitza) izenekoa, oihal zurizko buruko bat da. Funtsean, oihal zurizko zapi bat da, gehienetan, almidoitua gogortasuna emateko. Zumitzezko euskarri baten gainean jar zitekeen forma bereziak emateko, eta puntak alboetara edo gorantz tolestuta izan ditzeke, eramailearen buruan adar antza modukoak sortuz. Frantsesez adarra, corne da[1] eta cornette, beraz, adartxoa litzateke.

Centre National de Resources Textuelles et Lexicalles-ren web guenak, honela definitzen du, besteak beste: "Emakumeen burukia da, buruaren aurrealdean lotutako oihal zerrenda batez egina, muturretan adar txikiak dituena" eta "Moja ordena batzuen buruko estalkia, berezia, jatorria Erdi Aroko "chaperon" delakoan duena eta ongi definitutako jantzi bati dagokiona".[2]

Behe Erdi Aroan eta Aro Modernoan erabili zen modu ezberdin askotan. Geroago, 1800 inguruan, modan egon zen ohilezko txano moduko bati izen bera ematen zioten Frantzian. XIX. mendearen erdialderaino erabili zen.[3] Parisko zenbait emakumek muselinaz edo gazez eginak eta parpailez oparo apainduak erabiltzen zituzten.

Ezaguna da, batez ere, San Bizente Paulen Karitateko Alabek eramaten zutelako 1960ko hamarkadaren hasiera arte.

Karitateko Alaben erabilpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Image
Karitatearen alabak buruan cornette-ak dituztela, Amand Gautier (1825–1894).

Cornette-a, garai modernoetan, San Bizente Paulekoak XVII. mendearen erdian sortutako Karitatearen Alabak mojen ordenak gorde du.[4] Fundatzaileak zera nahi zuen, emakumeen kongregazio erlijioso mota berri horretako ahizpek, gaixo eta behartsuez arduratzen zirenak, eta beren klaustroan egotera behartuta ez zeudenak, beren jantzietan klase ertain arrunteko emakumeen ahalik eta antzik handiena izan zezaten, eta horrek, garaiko cornette delakoa erabiltzea behar zuen.[5]

Denboran aurrera, emakumeek buruko mota hori erabiltzeari utzi ziotenean, Karitateko Alaben bereizgarri bihurtu zen, haiena erlijio-arropa ezagunenetako bat bihurtuz. Cornette-agatik, Irlandan "moja tximeleta" ezizena ematen zieten.

Estatu Batuetan, Karitateko Alabek Cornette zuri zabalak eraman zituzten 114 urtez, 1850etik 1964ra. Vatikano II.arekin, mojaren arropak modernizatu zituen arte. Aldaketak, beren karitate eginkizuna eta behartsuekin eta erizainekin egiten zuten lana hobeto islatzen zuten janzkera berria hartzera eraman zituen.

Normandiako eta Bretainiako cornette-ak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Image
Emakume baten erretratua. Kondera du eskuetan eta buruan Cornette motako burukoa du. Bartholomaeus Bruyn Zaharra (1493–1555 edo Koloniako anonimoa.[6]
Image
Cornette motako burukoa duen emakume baten erretratua. Rogier van der Weyden. Circa 1440.[7]

Normandian eta Bretainian tradizionala izan da buruan oihal konplexuak, aberatsak eta finak eramatea, denboraren poderioz askotariko formak hartu dituztenak.

Oso apainduta egon ohi dira, brodatuak, parpailak, bolanteak eta zintak dituzten oihal finez eginak.[8]

Image

Beste kapela korniforme batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cornette frantsesezko hitza corne / adar hitzetik dator, eta adar forma (adar itxura ) adierazten du. Emakumezkoen beste buruko batzuek ere izan dute forma hori tradizio desberdinetan, adibidez Euskal Herriko mengalak.

Behe Erdi Aroan adibidez, oso ohikoa izan zen "hennin" izeneko kapela modukoa erabiltzea, gaur egun Erdi Aroko aristokraziako emakumeekin lotzen duguna. Hennin delakoa kono edo kanpai forma zuen, nahiko luzea, eta konoaren gainean oihal finak eskegitzen ziren. "Escoffion" motakoa, ordea, erditik zatitua zegoen, eta bi adar modukoak geratzen ziren alde bietan. Idazlan batzuetan, buruko mota horri Hennin edo erdibitutako henninig esaten diote.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fundazioa, Elhuyar. «adar» Elhuyar Hiztegia (kontsulta data: 2025-03-10).
  2. «CORNETTE : Définition de CORNETTE» www.cnrtl.fr (kontsulta data: 2025-03-11).
  3. (Gaztelaniaz) dianafernandezgonzalez. (2016-03-28). «Nomenclatura del traje y la moda. COFIA CORNETTE / CORNETTE CAP/ CORNETTE» VESTUARIO ESCÉNICO (kontsulta data: 2025-03-11).
  4. (Ingelesez) Cassidy, Al. «History» Daughters of Charity: Province of St. Elizabeth Ann Seton (kontsulta data: 2025-03-10).
  5. (Ingelesez) Broderick, Marguerite. (2013-06-03). The Daughters of Charity Cornette – Part 1. (kontsulta data: 2025-03-10).
  6. (Frantsesez) «Portrait de femme, coiffé d'une cornette blanche et égrenant un chapelet» pba-opacweb.lille.fr (kontsulta data: 2025-03-11).
  7. (Frantsesez) «Portrait de femme à la cornette, de Rogier Van der Weyden, vers 1435» Museum TV 2021-07-25 (kontsulta data: 2025-03-11).
  8. (Frantsesez) «Coiffe à cornette de Baud (Etudes des coiffes de Bretagne)» Ille et Villaine. Le departement. Images d'ici et d'avant. Paysages et patrimoines de Bretagne.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]