Idli
| Idli | |
|---|---|
| arroz-platera | |
| Materialak | black lentil (en) arroza Vigna mungoa |
| Historia | |
| Jatorria | Hegoaldeko India |
| Jatorrizko herrialdea | India |
Idli (hindiz: इडली) Indiaren hegoaldean jatorria duen arroz pastel zaporetsua da, Indian eta Sri Lankan gosaritan jaten dena.
Azalgabeko dilista zuriz (Vigna mungo) eta arrozez egindako orea hartzitu ondoren lurrinketan kozinatu egiten den tarta da. Hartzidura prozesuak almidoi kateak hausten ditu eta gorputzarentzako metabolizatzeko errazagoa den janaria da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo idliaren aurrekaria 920. urteko Vaddaradhane indiar liburuan aipatzen da. Sivakotiacharyak kannada hizkuntzan idatzitako liburu hartan "iddalige" izena eman zion. Dilistaz soilik eginiko oreaz prestatzen zela esaten du.
Chavundaraya II.ak Lokopakara (c. 1025) liburuan dilista zuriak esne sueroarekin nahastu eta pasta fin bat egin ondoren espeziaz atontzen zela esaten du.[1] Someshwara III.ak Manasollasa (1130) entziklopedian idliaren errezeta sartu zuen. Sanskritoz idatzita dago eta iḍḍarikā izenaz aipatzen da. Karnatakan 1235. urtean idli "arina, balio handiko txanponak bezalakoa" dela esaten da, beraz pentsatzekoa da arrozik ez zuela izango.[2] Azken errezeta horri uddina idli esaten zaio gaur egun Karnatakan.
Aipaturiko errezeta guzti horiek gaur egungoarekin alderatuta hiru desberdintasun gako dituzte; arrozaren erabilera, orearen hartzidura luzea eta lurrunketan kozinatzea. Errezeta modernoarekiko erreferentziak 1250. urtetik aurrera agertzen dira. K. T. Achaya historiagileak dio errezeta modernoaren jatorria egungo Indonesian egon daitekeela, janari hartzituaren historia luzea baitu. Horretarako Indonesiako "kedli" izeneko janaria lotzen du idliarekin.[3] Janaki Leninek ordea ez du horren errezetarik inon aurkitu.[4] Colleen Taylor Sen historiagile kanadarrak uste du hartzitzeko prozesua Indian bere aldetik sortuko zela, kultura guztiek baitituzte hartzituriko elikagaiak.[5] Lurrinketan kozinatzea Dorian Fuller arkeologoaren arabera K.a. 2000 urtean jadanik egiten zen Indiako Neolito garaian.[6]
Gujarateko Varṇaka Samuccaya (1520) lanak idli aipatzen du idari izenarekin. Hartzitu gabeko tokiko idada bertsioa ere aipatzen du.[7]
Tamilerazko lehenengo aipamena XVII. mendeko Maccapuranam lanean agertzen da itali izenarekin.[8]
Indiatik eta Sri Lankatik Asia hego-ekialdera hedatu zen idlia migrazioen bidez. Gaur egun ohikoa da Malaysian eta Singapurren aurkitzea adibidez.[9]
Prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kozinatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arroza eta dilista zuria erabiltzen dira. Dilistak kolore beltza du azalean baina zuria da barnealdean.
Idlia egiteko lau zati arroz gordin eta zati bat dilista zuri beratzen jartzen dira bereizita, gutxienez lau orduz eta batzuetan gau osoan zehar ere. Beratzen jartzerakoan batzuetan espeziak gehitzen zaizkio zaporea har dezaten, adibidez ailorbea erabiltzen da. Ondoren dilistak ore fin batean ehotzen dira eta arroza aparte zakarki ehotzen da, eta gero biak nahastu. Nahasketa hartzitzen uzten da gau batez eta bolumena bikoiztu egiten zaio. Orearen zati bat gorde egiten da hurrengo batean hartzidurarako erabitzeko.
Orea koipedun moldetan jartzen da erretilu batean edo "zuhaitz adarkatu" itxuran. Moldeak zulaturik daudenez eta guztia estali egiten denez lurrinketan ondo kozinatzen da, 10-25 minututan zehar, tamainaren arabera. Modu tradizionalagoan moldeak erabili beharrean jacka (Artocarpus heterophyllus) hostoetan jartzen da orea.[10]
Zerbitzatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idli hutsak ez du zapore handirik eta komeni da bestelako osagarriz apaintzea. Sarritan kokozko chutney, sambar eta medu vada gehitzen zaio, baina eskualdearen arabera asko aldatzen da. Beste batzuetan tipulazko chutneya eta arrain kurria erabiltzen da. Bidaian jateko podi lehorra gehitzea komenigarria da. Erretiluan edo banana hostoan zerbitzatzen da.[9]
Idlia eskuarekin jatea da ohikoena. Idlia hartu eta chutney, sambar eta menu vada saltsatan bustita ahoratzen da.[9]
Hartzidura prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idli orearen hartzidurak karbono dioxidoa askatzen du eta azidotu egiten da. Hartzidura hori azido laktikoaren bakterioek egiten dute, batez ere Leuconostoc mesenteroides andui heterohartzitzaileak (azido laktikoa eta karbono dioxidoa sortzen du) eta Enterococcus faecalis andui homohartzitzaileak (azido laktikoa soilik). Dilistak dakartza bakterio espezie biak, beratzen dauden bitartean ugaltzen direnak.
L. mesenteroides-ek gazitasun maila handia jasaten du, oreak duen gazitasunak eta azido laktikoak mikroorganismo desegokiak haztea ekiditen du.[11]
Munduko Idli Eguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015eko maiatzaren 30ean Chennai hirian Eniyavan idli saltzaileak lehenengo aldiz ospatu zuen Idli Eguna eta ordutik urtero ospatzen da hinduak dauden toki guztietan Munduko Idli Eguna.[12]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arroza eta dilistak dira osagai nagusiak.
- Idlia jateko prest.
- Idlia banana hostoan zerbitzatua, kokozko chutneyaz, sambarraz eta medu vadaz.
- Idlia sambarrarekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Edward R. Farnworth. (2003). Handbook of Fermented Functional Foods. CRC Press ISBN 978-0-8493-1372-1..
- ↑ K. T. Achaya. (1994). Indian Food: A Historical Companion. Oxford University Press, USA ISBN 978-0-19-563448-8..
- ↑ (Ingelesez) Achaya, K. T.. (2003-11). The Story of Our Food. Universities Press ISBN 978-81-7371-293-7. (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) «A tale of two sambhars» The Hindu 2012-03-30 ISSN 0971-751X. (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ Colleen Taylor Sen. (2015). Feasts and Fasts: A History of Food in India. , 146 or..
- ↑ (Ingelesez) Renfrew, Colin; Bahn, Paul. (2014-06-09). The Cambridge World Prehistory. Cambridge University Press ISBN 978-1-107-64775-6. (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) Yagnik, Achyut. (2005-08-24). Shaping Of Modern Gujarat. Penguin UK ISBN 978-81-8475-185-7. (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) Achaya, (Late) K. T.. (2009-03-05). The Illustrated Foods of India. OUP India ISBN 978-0-19-569844-2. (kontsulta data: 2025-11-14).
- 1 2 3 (Ingelesez) Chef. (2021-05-26). «Idli. What is Idli? (Food)» World Travel Chef (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) Idlis in jackfruit leaves(Hittu/khotte/khotte kadubu) - Aayi's Recipes. 2006-10-25 (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) van VEEN, A. G.; Hackler, L. Ross; Steinkraus, K. H.; Mukherjee, S. K.. (1967). «Nutritive Quality of Idli, a Fermented Food of India» Journal of Food Science 32 (3): 339–341. doi:. ISSN 1750-3841. (kontsulta data: 2025-11-14).
- ↑ (Ingelesez) «World Idli Day: When a British professor called idlis 'boring' and 'insufferable'» www.timesnownews.com 2021-03-30 (kontsulta data: 2025-11-14).