Edukira joan

Kuria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Image
Valentia Edetanorum (egungo Valentzia) hiriko kuriaren aztarnak. Centre Arqueològic de l'Almoina. K.o. I. mendea.
Image
Erromako sorreraren elezaharraren arrebara Romulo berak sortu zituen hasierako kuriak. Giovanni Battista Fontanaren (XVI. mendea) grabatua.

Kuria (latinez: Curia) Antzinako Erromako politikarekin lotutako hitza da, zenbait kontzeptu eta leku fisikotara aplikatu izan zitzaiona.

Kuria, Antzinako Erromaren garaian, garai arkaikoetan, herriaren azpibanaketa bat zen, gutxi gorabehera tribu batekin identifikatua. Gizartearen estratifikazio hori, Erromako jatorrizko hiru tribuetan egin zena, honako hauek izan ziren: Ramnenses, bere izena Romulotik datorrena, Titienses, Tito Taziorengandik datorrena, eta Luceres. Azkenen jatorria eta izendapenaren zergatia ez da ezagutzen. Lehen tribua latindarrek osatzen zuten, bigarrena sabinarrek eta azkena etruskoek, hasieran besteak biak menderatu zituena. Hiru tribuetako bakoitzak hamar kuria zituen, eta horietako bakoitzak gens kopuru jakin bat.

Horrela, kuria bakoitzeko 100 infante eta 10 zaldizko ekartzen zituzten armadara. Aldi berean, 30 kuriek Comitia curiata (kurien hauteskundeak) osatzen zituzten.

Kuria hitzak, bestalde, tribuak berak bere arazoak eztabaidatzeko erabiltzen zuen lekua adierazten zuen. Geroago, patrizioen ordezkariak, eta are geroago senatariak biltzen ziren lekua izendatzeko erabili zuten erromatarrek; eta hedaduraz, Senatua bera ere, Kuria zen. Inperioa zabaldu zenean eta hiriak sortu eta arautu zituztenean, Erroma hiria hartu zuten erromatarrek eredu gisa, eta, kolonia eta municipium maila zuten hirietan, udal kuriak osatzeko agindua eman zuten, hiria gobernatzeko.

Erdi Aroan, enperadorearen curia, bere gortea zen, eta Eliza katolikoan izena gorde zen Aita Santuaren kuria, edo Erromako kuria, Eliza katolikoaren gobernua da.

Antzinako Erroman, hiriaren sorreraren inguruko kondairetako baten arabera, Romulori egotzitako banaketa zahar bat zen kuria. Romulok, herria hiru tributan banatu omen zuen, tribu horietako bakoitza hamar kuriatan, eta kuria bakoitzean familia edo klan (gens) bat baino gehiago zeuden.[1]

Tradizioak dioenez Erroma eraiki zenetik Errepublika bihurtu zen arte (k. a. 509) hiru leinutan (latinoak, sabinarrak eta etruriarrak) eta 30 kuriatan banatua egon zen hiria, erlijioari zegokion aldetik batez ere. Langintzaz, artegintzaz edo beste edozein gisatara antolatutako giza taldeek bere erlijio egitura ere bazuten. Kuriak, kuria bakoitzeko zuzendariak (magistri) eta haien batzarrak erabakitzen zuten zein erritu erabili eta noiz. Erlijioa eginkizun kolektiboa zenez eta bizitzako eginkizun guztietara hedatua zegoenez, kuriaren barruan agertzen zuen bakoitzak bere erlijio nortasuna, eta leinurik ez zutenek eta esklaboek ere parte har zezaketen. Errepublikarekin desegin ziren Erromako hiriko kuria horiek.[2]

Image
Curia Juliaren 3D berregitea

Senatuen bilkuretarako eraiki ziren eraikuntza (kuria) ezagunenak Erromatar Foroan eraikitakoak dira. Ezagutzen den lehena Hostilia kuria da, jatorrizko senatu-etxea zena. Varronek dioenez, Tulio Hostiliok eraiki zuen, baina litekeena zen garai batzuetan sutearen ondorioz berreraikia izatea. .[3] Puntu kardinalen lerrokatuta eta Comitiumetik iparraldera kokatuta, batzar-leku hori funtsean patio bat izanik, Luzio Kornelio Sila diktadoreak handitu zuen K.a. 80. urtean. K.a. 52. urtean, Publio Clodio Pulkroren hileta istilutsuan erre zen, eta ondoren, diktadorearen seme Fausto Silak berreraiki eta handitu zuen. Hori dela eta, Curia Cornelia izena eman izan diote adituek bi gizon haiek berreraikitako eraikuntza berriari, baina izendapen hori ez da erabiltzen antzinako iturrietan.[4] Kuria eraistea erabaki zen K.a. 44. urtean, Julio Zesarren foroaren berritze-lanen barruan.[5] Eraistearen arrazoiak ez daude guztiz argi: Dion Kasiok dio senatuak Silaren oroimena ezabatu nahi zuela; beste baieztapen batek dio, ordea, gunea Felicitas jainkosaren tenplu gisa erabiliko zela dioenak, baina ez dago froga arkeologikorik.[6]

Image
Cura Iulia gaur egun Foroan.

Zesarren berritze-planetan Curia Iulia berri baten eraikuntza aurreikusten zen. Hala ere, Zesar amaitu aurretik hil zuten, eta Azkenean, Oktavianok, Zesarren oinordekoak, amaitu zuen K.a. 29an, chalcidicum edo estoa bat (zutabez hornitutako estalkia) aurrean zuela. Domiziano enperadoreak berreraiki zuen Forum Transitorium-aren eraikuntzaren barruan, eta ziurrenik gaur egun duen kokapenera mugitu zuen, Foroaren angelu batean. Domizianok eraldatutako Curia Julia sute batek suntsitu zuen K.o. 283an, Carinoren agintaldian.[7] Oraindik zutik dagoen eraikina, eta Cura Iulia izena ematen zaiona, Diokleziano enperadoreak eraiki zuen; Honorio I.a Aita Santuak (K.o. 625–638) eliza bihurtu zuen, baina dessakralizatu eta bere antzinako formara leheneratu zuten 1935–38an. Hala ere, Dioklezianoren egituraren brontzezko ateak ez zeuden dagoeneko eraikinean, XVII. mendean, San Joan Laterangoaren basilikara eraman baitzituzten .[8]

Antzinate ondorengo kuriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko erregeen, eta batez ere Kapetoen (Frantzia) inguruan, baina baita Merovingiarren artean, haren ahaideek eta nobleziak osatzen zuten gortea zen "curia". Aholku ematea zuen eginkizuna. XIII. mendetik aurrera ordea, finantza eta epaiketa arazoetako taldeak erakunde burujabe bihurtu zen. Asturias-Leon eta Gaztelako erregeek ere bazuten antzeko erakunde bat. Kuriaren bitartez hartzen zuten parte handizkiek erresumako arazoetan.[2] Iruñeko eta Nafarroako erresumetan ere "Curia regia" (Errege kuria) instituzioa izan zen erregeari laguntzeko, gero, "cort", eta azkenik, Errege Kontseilua izango zena.

Erromatar Behe Inperioko eta Europa Mendebaldeko Erdi Aroko izendapen latindar asko Eliza Katolikoaren egituraren izendapenetan gorde ziren, eta hori bera gertatu zen "curia" hitzarekin. Erromako kuria erakundea, Erromako gotzaina (Aita Santua) Eliza Katoliko osoko agintari bihurtzean sortu zen, Elizak dituen arazoak zuzentzen dituena. Bost sail nagusi ditu: Kongregazioa edo Aita Santuaren aholkulari taldea, epaimahaia, idazkaritza, ekonomia saila eta administraritza.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «1911 Encyclopædia Britannica/Curia - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (kontsulta data: 2025-08-28).
  2. 1 2 3 (Gaztelaniaz) «kuria» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-08-28).
  3. Richardson, L (1992). A new topographical dictionary of ancient Rome. Johns Hopkins University Press. ISBN 978080184300 6. 102, or. ohartarazten du, seguruenik, galiarren arpilatzearen ondoren berriz eraikiko zutela.
  4. Borlengh, Aldo et al. (2019) Voter en Grèce, à Rome et en Gaule: pratiques, lieux et finalités. Lyon: MOM éditions. ISBN 978-2-35668-062-4. 285 or.: "Curia Cornelia izena ez da testuetan agertu."
  5. Richardson, L. (1992). 102. or,
  6. Richardson 1992, 102–3 or, Dio, 44.5.2. aipatzen.
  7. Richardson 1992, 104 or., esaten du Gellius-ek (14.7.7) oraindik "Domiziano ondorengo Juli eraikina" esaten duela.
  8. Richardson (1992), 103. or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]