Mios Hormos
| Mios Hormos | |
|---|---|
| Aztarnategi arkeologikoa | |
| Estatu burujabe | |
| Egiptoko gobernadore-herria | |
| Hiria | El-Quseir |
| Koordenatuak | 26°09′24″N 34°14′30″E / 26.15655°N 34.241583°E |
![]() | |
| Historia | |
| Eraikitzailea(k) | Ptolomeo II.a Filadelfoa |
| Garaia | K.a. III. mendea |
| Uztea | III. mendea |
| Garaia(k) | Ptolomeotar dinastia - Erromatar aroa |
| Kultura | Antzinako Egipto |
Mios Hormos edo Myos-Hormos (antzinako grezieraz: Μυὸς Ὅρμος), gerora Aphrodites Hormos (antzinako grezieraz: Ἀφροδίτης ὅρμος)[1] izenez ezaguna, Antzinako Egipton —ptolomeotarren eta erromatarren garaietan— eraikitako portu garrantzitsu bat izan zen.[1][2][3]
Southamptongo Unibertsitateko David Peacock eta Lucy Blue ikerlariek Mios Hormos aztarnategia identifikatu dute Quseir al-Quadim (Quseir Zaharra) azpian, egungo El Quseir herritik 8 kilometrora.[4][5] Indusketek erakutsi dutenez, portuaren aktibitatea K. o. I. mendean zehar gailendu zen, K.o. III. mendean bertan behera utzi zen bitartean.[6][7]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mios Hormos izenak grekeran du jatorria, eta «Saguaren portua» edo «Moluskuaren portua» esanahiak atxikitzen zaizkio. «Moluskuaren portua» izena, portutik hurre jasotzen ziren Pinna generoko perladun molusku bibalbioekin erlazionatuta dago, moluskuen maskorrek egiten duten itxi-mugimenduari erreferentzia eginez.[1][8]
Agartakidas historialariaren arabera,[9] portuaren izena Aphrodita-Hormos-era aldatu zen. Hesiodoren etimologia jarraitzen badugu, "Afrodita" izenak (aphrós, ἀφρός) itsas-aparrari egiten dio erreferentzia,[10] kasu honetan portu inguruan aurkitu zitezkeen itsas-belakiak deskribatzeko erabili zitekeena.[1] Estrabonek ere Aphrodita-Hormos izenari aipua egiten dio Geografian, nahiz eta Myos Hormos izena gaitzesten den testuan zehar.[11]
XX. mende hasierako egiptologo ezberdinek (Arthur Weigall, Henri Gauthier eta Pierre Montet), El Quseir edo Kossair herriaren lehen aipua XI. Dinastia garaian (Inperio Ertaina) kokatzen dute, Thaau (taâou) izenpean. Ostera, izenaren aldaketa erregistratzen du garai greko-erromatarrean, Tuau edo Duau-ra. Duau (douaou) izena hieroglifiko bidez hiru izar eta bi "hiri" hieroglifikoren idazten da. Irudikapen honek Kossair-en menpeko bi portuei egiten die erreferentzia. Nahiz eta egiptoarretzat bi portuak Duau bezala ezagutzen diren, atzerritarrentzat bata Aennum (portu zaharra), eta bestea, Philoteras (Ptolomeo II.a Filadelforen ahizparen ohorean izendaturiko portu berria) deitzen dira.[12]
| douaou / dwꜣw[13] hieroglifotan |
taâou / ṯꜣꜥw[14][15] hieroglifotan |
||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| XXXIII. Dinastia | XI. Dinastia |
Kokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mios Hormoseko kokalekua luzaroan eztabaidatua izan da adituen artean. Portuaren funtzio eta garrantzia Antzinaroko literatura lan ezberdinetan aipatzen zen arren, Eritrear itsasoko periploa eta Geografia eskuizkribua besteak beste, aztarnategi fisikoaren kokalekua ez zen 2007 arte argitu.[16][17]
Hasiera batean, adituek Mios Hormoseko kokapena Abu Sha'r aztarnategiarekin erlazionatzen zen,[1] baina Steven E. Sidebothan historialariak bere indusketa lanen bidez hipotesi hau deuseztatu zuen 1996an.[16][18]

Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egiptoko Ptolomeotar dinastiaren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ptolomeo II.a Filadelfoak eraiki zuen ca. K.a. 275.urtean, izen bereko lurmuturrean.[7] Faraoiak kokaleku hau aukeratu zuen India eta Egiptoren arteko itsas-merkataritza harremanen portu nagusitzat, Arsinoe hiriaren aukera baztertuta. Arsinoe Itsaso Gorriaren muturrean aurkitzen zen, Heroopolitako golkoarekiko (egungo Suezko golkoa) zuen hurretasunak nabigazioa zailduz.[1][21]
Egun, Ptolomeotar dinastiaren garaiko portuaren egiturak ez dira aurkitu.[22]
Erromatar Inperioaren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mios Hormoseko populazioa oso dibertsoa zen, hitzegiten ziren hizkuntza ugariek eta egoiliar kanpotarrek frogatua.[23] Besteak beste, inguru hartan bizi zen talde nomada baten aipu egiten da, "arabe, barbaro edo alproja" izen eta kalifikatzaileak erabiliz.[24]
Portuak ez du inolako eraikin edo egitura militarrik erakutsi, nahiz eta idatzizko testigantzek armadaren presentzia baiezten duten K.o I. mendetik aurrera.[24] Gainontzeko hiri eta merkatal bideek (Uadi Hammamat, edo erromatarrentzat Hodos Mysormitike) ordea, presentzia militar argia erakusten dute, bertan eraikitako praesidia edo fortifikazio erromatar ugarirekin.[22][25] Fortifikazio horietan aurkituriko ostraka baten arabera, lanbide ezberdinetan jarduten zuten emakumeak bizi ziren, irutzaileak, ehuleak, ur-jasotzaileak eta sexu langileak.[25]
Hiriak ez du monumentu deigarrien arrastorik, eta eraikinak adobezkoak ziren. Idatzizko frogek aletegi eta zisterna publiko bana baino ez dute aipatzen, okindegi posible batekin, guztiak soldaduek eraikiak. Ostera, indusketetan jasotako hosto jangarridun barazkien aniztasunak, baratzen erabilera aditzera ematen du, nahiz eta ingurune hartan ur gezaren falta edukiko luketen.[22][25]
Portu-hiriak emporium edo merkataritza-gune gisa garrantzi handia eskuratu zuen K.o. I. mendean, Afrika, India eta Arabia (Arabia Felix) eta Egipto arteko itsas-merkataritza puntu garrantzitsua bilakatuz. Hala, Indiako produktu indigena ugari heldu ziren Egiptora bolia, arroza, artoa, sesamo olioa, kotoi landu eta landugabea, eta kainazko azukre edo eztia besteak beste.[7][26] Badago baita ere animalien zirkulazioaren aipua, Estrabonek berak Indiatik ekarritako biperido bat ikusi zuelarik Egipton, 9 besabete eta zehe bateko luzerakoa (4,3 metro inguru).[27] Indiaz gain, Arabiarekin ere merkatal harreman estuak mantendu ziren, bertatik ekarritako aromatiko edo espezien garraio gehiena Egipton Mios Hormos portutik sartzen zelarik, ostera Koptos hiritik aurrera, gameluz edo Nilo ibaian nabigatuz Alexandriaraino bidea eginez.[28][29]
Bestalde, Egiptoar administrazioak gari gogorra (Triticum durum), garagarra (Hordeum vulgare), ogia, olioa, ozpina eta mihilu haziak (Foeniculum vulgare) bidali ohi zituen Mios Hormos eta Berenizera. [25]
Portuak maneiatzen zuen itsas trafikoaren erakusletzat dauzkagu Estrabonen hitzak, Augustoren garaian, urtero 120 itsasontzi Mios Hormos portutik Indiako bidean ateratzen zirela dioenak:
Dena dela, Kornelio Galo Egiptoko prefektua zenean, berarekin bidaiatu nuen Nilo ibaian gora Siena eta Etiopiako mugaraino, eta ehun eta hogei itsasontzi Mios Hormosetik Indiara zihoazela jakin nuen, aurretiaz, ptolomeoren garaian, gutxi batzuk baino ausartzen ez zirenean halako bidaia bat egin eta Indiako merkantziekin salerostera. Estrabon, Geografía, II.5.12[30]
Berenize-ko portuarekin batera, Myos Hormos apodedeigmenoi edo "izendaturiko portua" zen. Hala, inportazio eta esportazio merkatal ondasunak bertatik igaro behar zirelarik, kontrabandoa ekiditeko.[22]
Portuaren garrantzia III. mendean gutxietsi zen, partziaki Trajanoren Kanalaren eraikierarekin K.o. 112. urtean.[1][31][32][24] Merkatal funtzioak denborarekin gutxietsi ziren arren, ontziola garrantzitsutzat mantendu zen.[22]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 6 7 «Dictionary of Greek and Roman Geography (1854), MAACAH, MUTE´NUM, MYOS-HORMOS» www.perseus.tufts.edu (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ (Ingelesez) Huntingford, George Wynn Brereton. (1980). The Periplus of the Erythraean Sea. Ashgate Publishing, Ltd. ISBN 978-0-904180-05-3. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ Cimadomo, Paolo, ed. (2020). Before/after: transformation, change, and abandonment in the Roman and late Antique Mediterranean. Archaeopress Publishing Ltd ISBN 978-1-78969-599-1. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ (Katalanez) Tully, Gemma. (2009). «Ten years on: the Community Archaeology Project Quseir, Egypt» Treballs d'Arqueologia: 63–78. ISSN 2339-6490. (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ (Ingelesez) Zazzaro, Chiara. (2013-03-01). «D. Peacock & L. Blue (eds.), Myos Hormos – Quseir al-Qadim Roman and Islamic Ports on the Red Sea, Volume 2: Finds from the Excavations 1999-2003» Journal of Ancient Egyptian Interconnections (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ (Ingelesez) «The port of Myos Hormos and its role in Indo-Roman trade | Collège de France» www.college-de-france.fr 2016-03-15 (kontsulta data: 2026-01-26).
- 1 2 3 Peacock, D. P. S., ed. (2006). Myos Hormos-Quseir Al-Qadim: Roman and Islamic ports on the Red Sea. Oxbow Books ISBN 978-1-84217-203-2. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ «Strabo, Geography — Book XVII.1.45» www.perseus.tufts.edu (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ Agatharchides; Burstein, Stanley Mayer. (1989). On the Erythraean Sea. Hakluyt Society ISBN 978-0-904180-28-2. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ (Ingelesez) Cyrino, Monica S.. (2012-06-25). Aphrodite. Routledge ISBN 978-1-136-61591-7. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ «Strabo's Geography — Book XVI.4.5» penelope.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ Weigall, Arthur Edward Pearse Brome. (1913). Travels in the Upper Egyptian deserts. Edinburgh; London, W. Blackwood and sons (kontsulta data: 2026-01-28).
- ↑ Gauthier, Henri. (1929). Dictionnaire des Noms Géographiques Contenus dans les Textes Hiéroglyphiques Vol. 6. , 87 or..
- ↑ Wallis Budge, E. A.. (1920). An Egyptian hieroglyphic dictionary: with an index of English words, king list and geological list with indexes, list of hieroglyphic characters, coptic and semitic alphabets, etc. Vol II. John Murray, 1059 or..
- ↑ Gauthier, Henri. (1929). Dictionnaire des Noms Géographiques Contenus dans les Textes Hiéroglyphiques Vol. 6. , 64 or..
- 1 2 Whitcomb, Donald S.. (1996). «Quseir al-Qadim and the location of Myos Hormos» Topoi. Orient-Occident 6 (2): 747–772. doi:. (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ (Ingelesez) Bülow-Jacobsen, Adam; Fournet, Jean-Luc; Cuvigny, Hélène. (1994). «The Identification of Myos Hormos. New Papyrological Evidence» Bulletin de l'Institut Français d'Archéologie Orientale 94: 27. (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ Sidebotham, Steven E.. (1996). «An Overview of Archaeological Work in the Eastern Desert and along the Red Sea Coast of Egypt by the University of Delaware-Leiden University 1987-1995» Topoi. Orient-Occident 6 (2): 773–783. doi:. (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ Arrianus, Flavius; Schoff, Wilfred Harvey; Arrianus, Flavius. (2001). The Periplus of the Erythraean sea: travel and trade in the Indian Ocean by a merchant of the first century. Munshiram Manoharlal ISBN 978-81-215-0699-1. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ Fanfoni, Luisa Bongrani. (1997). «Myos Hormos nel « Periplus Maris Erythraei »» Aegyptus 77 (1/2): 53–59. ISSN 0001-9046. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ Shaw, Ian. (2003). The Oxford history of ancient Egypt. Oxford ; New York : Oxford University Press ISBN 978-0-19-280458-7. (kontsulta data: 2026-01-26).
- 1 2 3 4 5 (Ingelesez) Cuvigny, Hélène. (2012). «Myos Hormos» The Encyclopedia of Ancient History (John Wiley & Sons, Ltd) doi:. ISBN 978-1-4443-3838-6. (kontsulta data: 2026-01-27).
- ↑ (Ingelesez) «Chronology of the forts on the Myos Hormos and Berenice routes | Collège de France» www.college-de-france.fr 2016-03-15 (kontsulta data: 2026-01-26).
- 1 2 3 Nappo, Dario. (2020). Cimadomo, Paolo ed. The Abandonment of Myos Hormos. In Before/after: transformation, change, and abandonment in the Roman and late Antique Mediterranean. Archaeopress Publishing Ltd, 19-34 or. ISBN 978-1-78969-599-1. (kontsulta data: 2026-01-27).
- 1 2 3 4 Meyer, Carol. (2014). Bir Umm Fawakhir. The Oriental Institute of the University of Chicago ISBN 978-1-61491-020-6. (kontsulta data: 2026-01-27).
- ↑ Sarda, Har Bilas. (1906). Hindu superiority: an attempt to determine the position of the Hindu race in the scale of nations. [Ajmer Rajputana Printing Works] (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ «Strabo's Geography — Book XV.1.45» penelope.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ «Strabo's Geography — Book XVI.4.24» penelope.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ Anonymous; W. H. Schoff. The Periplus of the Erythraean Sea [1st Century A.D.. ], 52 or. (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ «Strabo's Geography — Book II.5.12» penelope.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-01-26).
- ↑ (Ingelesez) Rappoport, A. S. 1871-1950. (1904). History of Egypt from 330 B.C. to the present time,. London, Grolier Society, 253 or. (kontsulta data: 2026-01-22).
- ↑ Butler, Alfred J. (Alfred Joshua). (1914). Babylon of Egypt, a study in the history of Old Cairo. Oxford, Clarendon Press, 8-9 or. (kontsulta data: 2026-01-22).
