Corpus eguneko prozesioa

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Image Image Image Image Image Image

(2015eko ekainak 7) Corpus eguneko prozesioa Lezon, San Juan Bataiatzailearen eliza inguratzen, Joxe Munduate bikarioa palio pean doala. Prozesio hori bera izan zen, hogeigarren mende hasieran, Elias Salaberria margolariaren lan ospetsuenetako baten gaia: La procesión del Corpus en Lezo (c. 1910), 1912an Madrilen saritua eta 1913an Munichen —gerora lanaren bigarren bertsio bat egingo zuen—.

Serorak: Lizarazu-Larburu ahizpak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Martin Jose Lizarazu eta Juana Josefa Larburu Urnietan ezkondu ziren 1872an. Zortzi seme-alaba izan zituzten:  Mª  Agustina (1873-1965); Francisco Borja (1874-); Mª Pilar (1877-1963); Juana Luisa (1879-1967) (Luisa); Mª Romana (1881-1970) (Romana); Mª Valentina (1884-1978) (Maria); Emilio (1886-1894) eta Margarita (1890-1980).

Oso familia elizkoia zen. Juana Josefa, ama, serora zenez, elizaren bueltan bizi ziren denak, eta oso ohikoa zuten eliza zaintzeko eginbidea. Denak eskolatuak ziren; esate baterako,  Mª Agustinak haur-eskola jarri zuen bere etxepeko aretoan, oinarrizko ikasketak eta dotrina euskaraz irakasteko, eta Francisco Borja, berriz, 1898ko apirilaren 14an Hondarribiko Josefa Ricarda Sagarzazu Azaldegirekin esposatu ondotik, bertan geratu zen maisu lanetan. Gainontzeko emakumeak ere eskolatuak ziren eta atzerrira (Argentinara, Erromara…) bidaia ugari eginak.  Euren lanbideengatik denak oso ezagunak izan ziren herrian.

Hiru emakume zaharrenak, hots, Mª Agustina Manuel Intxaurrandietarekin ezkondu zen; Pilar Anastasio Salaberriarekin eta Juana Luisa Atanasio Brosterekin,  azken hori,  bi elizetako sakristaua izango zen gerora. Aldiz, hiru gazteenak seroraren bizimodua hautatu zuten, hau da, Romana, Maria eta Margarita ez ziren ezkondu eta hirurak serora izan ziren.  Emakume haiek gaztarora iritsitakoan, elizaren zerbitzura bizitzea erabaki zuten eta lanbide erlijioso hori atxikiz, mojen antzeko bizimodua eraman zuten, batik bat, Margaritak. Maria Valentina, aldiz, goizeko lehen orduan, Lezotik oinez abiatzen zen Donostiako Nicolasa ostatura lanera joateko, eta arratsaldean, etxera itzulitakoan, beste ahizpekin batera serora lanetan murgiltzen zen. Luisa ere serora izan zen.

Image

Romana Lizarazu Larburu. Iturria: Maria Jose Intxaurrandietaren artxiboa.

Eginkizunen artean, hilerria eta bi elizak (San Joan Bataiatzailearen parrokia eta Gurutze Sainduaren baseliza) zaintzeko ardura hartu zuten.

Image

Maria eta Margarita Lizarazu Larburu Lourdesen. Iturria: Maria Jose Intxaurrandietaren artxiboa, 1958/08/03.

Historia

Seroraren lanbidea antzina-antzinatik zetorren emakumeen lanbidea zenez, berehala bereganatu zuten Lizarazu-Larburu familiako emakumeek.  Seroren lanbide hori denboraren poderioz galbidean dagoen arren, bere garaian botere handi xamarreko ofizioa izan zen. Ez da ahaztu behar herriko erlijio bizitzan serorek zuten garrantzia, askotan apaizek zituzten eskumenetako asko beren gain hartzen baitzituzten. Eta eurek lan egiten zuten elizan ere herritarren artean kokapen berezia izaten zuten.

Zer ziren serorak

Euskal Herrian serorak eliza, parrokia edo baseliza zaintzen zuten emakumeak ziren. Serora hitza mojak edo lekaimeak izendatzeko ere erabili izan da, bereziki Ipar Euskal Herrian, eta hargatik serora (moja) eta andere serora (eliza zaintzen duen emakumea) bereizi izan dira.

XVIII. mendera arte aski zabaldutako lanbidea izan zen, emakume heldu ezkongabe edo alargunei zegokiena.

Hutsik, akatsik, orbanik gabeko emakumea izan behar zuen, eta alkateak edo herritarrek hautatzen zuten, modu formal batean, Erdi Aroaz geroztik gorde diren agirietan azaltzen denez. Kargua eskuratzeko, dotea edo eskupekoa ere eman behar izaten zuten.

Eliza edo baselizaren ondoko etxetxo batean bizi ohi ziren, egungo etxe izenek frogatzen dutenez (Serorenia adib.). Eliza zaintzeaz gainera, elizan ospatzen ziren erritu guztien arduraduna zen, hala nola, bataioak, ezkontzak eta hileta-elizkizunak, eta haiengatik ordainsaria jasotzen zuten.

Seroren funtzio bereziak

Goizean goiz hasten ziren euren eguneroko eginbideekin; eliza garbitu ondotik, ateak ireki eta itxi; elizen lore-dekorazioa; aldareen apainketa; apaizen jantziak eta ospakizunetako jantzien garbiketa, lisatze eta beste tresnen prestaketa; kanpaiak jotzea; errogatibetan apaizei laguntzea; heriotza elizkizunetan eta beste hainbat eginkizunetan hildakoen etxeetan bertako emakumeei laguntzea, serora izaten zelako hila janzteaz eta otoitza egiteaz arduratzen zena; eta jostun gisa ere lan egiten zuten, bizimodua ateratzeko eta sendatzaile gisa ere ezagunak ziren.

Elizkizun askotan apaizaren pareko izaten ziren, Adibidez, gorpua heriotza-elizkizunetatik hilerri bidean zihoala, zenbait kasutan, seroraren otoitzek laguntzen zuen. Herri batzuetan elizak berak jarritako seroraren pulpitua zeukaten arrosarioak errezatzeko, otoitzak eta deboziozko irakurketak egiteko. Ikus daitekeenez, zeremonien maistra edo zuzendaria zen.

Serorek  euskal kulturaren barruan loratu zen erdi-erlijiosoen erakunde bat osatzen zuten,  eta hainbat teoriak dioenez, antzinaroko diakonesetatik edota  ermitau eta monasterioko bizimodu arkaikoetatik eratorritakoa zen.

Izendapen horrek era askotako bizimoduak biltzen zituen,  egoera instituzional, erlijioso, sozial eta ekonomikoei lotuak batik bat; emakume erlijioso horiek Erdi Aroko eta Aro Modernoko euskal komunitateen eguneroko bizitzaren parte ziren, hau da, erdi-ermitau bizitzan eta parrokiaren zerbitzuan aritzen ziren, non jarduera ugari garatzen baitzituzten, hala nola, nekazaritza eta abeltzaintza, laguntza soziala, jarduera erlijiosoak eta ekonomikoak, mediku-zainketa, merkataritza, maileguak edo norberaren edo besteren ondasunen administrazioa, besteak beste.

Euskal kultura garatu zen espazioaren barruan, itxiera —aktiboa— ez zen orokortu XVIII. mendera arte, emakumeen erlijio-bizitzaren eredu gisa eta aurreko mendeetan hainbat saiakera egin ondotik, azkenik, seroragoak debekatu eta baztertu egin zituzten erakunde guztiek, bai erlijiosoek eta baita zibilek ere.

Debeku eta legeen bidezko jazarpenek seroren funtzioen pixkanakako murrizketa ekarri zuten eta, mojek ez bezala, erlijioso gisa zuten pertzepzioa apaltzea lortu bazuen ere, serorek zuten autonomia sozial eta ekonomikoak erakundearen erresistentzia eta iraupen luzea ziurtatu zituen.  Euskal gizartean iraun zuten egitura erlijioso arkaikoek izan zuten zerikusirik horretan; izan ere, kristautasun ofizialaren pean eutsi zioten, sinkretismo erlijioso luzeari esker.

Azkenik, esan, arestian aipatu emakume lezoar horien heriotzarekin batera, bukatutzat eman zela gure herrian seroren lanbidea, egun, oso bestela betetzen baitira eliza-funtzioak.

https://eu.wikipedia.org/wiki/Agustina_Lizarazu_Larburu

https://eu.wikipedia.org/wiki/serora

Xanti Zabala “Lexo” gure gogoan beti

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Gaztetxoa nintzela izan nuen Gaintxurizketa baserriko bertsolariaren berri, Zeruko Argia aldizkariaren azken orrialdeetan maiz plazaratzen zituen bertso-sortak irakurrita. Ederrak ziren, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko sutsuak, eta garaiko gertaerez mintzo zirenak. Irrika handiz egoten nintzen Lexoren bertso-sorta berrien zain.

Gerora, Mikel Arrizabalaga alkatearen lehen legealdian (1987-1991) Lezoko kultur zinegotzia izan nintzen, eta orduan izan nuen Xanti Zabala ezagutzeko aukera, 1989. urtean, Kultur Batzordean biltzen ziren elkarte eta herri erakundeetako ordezkariek bera proposatu baitzuten inauterian, ostiralori arratsean, bertsotan aritu zedin Kale Nagusiko atzealdean, egin nahi zuten barrikotea animatzen. Eta horrela deiturik, etorri zen Josu Zelaia bertsolariarekin batera. Barrikote arrakastatsua izan zen, eta jendea trapujale zakuz eta hegal zabaleko kapeluz jantzita etorri zen. Arrats hartan sagardo goxoaz betetako barrikotea hustu genuen, trikitixa, kantuak eta dantzak noiznahi izan ziren, eta tarteka, Lexo eta Josu Zelaiaren bertso saio zirikatzaile ederrak, plazer handiz, entzun ahal izan genituen. Hurrengo urteetan, barrikotea errepikatu zuten, eta Xanti Zabala etorri zen beti, batzuetan Josu Zelaiarekin, eta besteetan Moises Jaso nafarrarekin.

Orduz geroztik, adiskidetasuna piztu zen gure artean, eta horrela izan zen, Heriok eraman zuen arte. Non zen bertso saioa edo bertso txapelketa, hor ikusten nuen Xanti, Ramoni Elizazu emaztearekin batera, beti irria ezpainetan, eta hitz atsegina solasean. Iparraldeko bertso finalera ez zuen inoiz huts egiten, eta halakoan beti, elkarrizketa goxoa izaten genuela oroitzen dut. Gizon zuzena eta zintzoa zen, atsegina, goitik beherako euskalduna, euskaltzale handia eta egiazko abertzalea. Eta horrela atxiki dut bai ene gogoan eta bai ene bihotzean.

Image

Xanti Zabala “Lexo” bertsotan. Fotografia: bertsoa.eus

1. Lezo aldizkarian plazaratu zituen bertsoak

1988an, Kultur Batzordearen bultzadaz, Lezo aldizkaria plazaratzen hasi ginen. Lehena irailean, Santakrutzetan, atera genuen, eta guk eskaturik, Xanti Zabalak Aspaldiko kontuak izeneko bertso-sorta (12 osora, Bizkaiko txerriarena doinuaz kantatzeko egina) bidali zigun aldizkarian plazara genezan, atsegin handiz egin genuena. Aldizkariak bere bidea egin zuen, urtero bi zenbaki plazaratuz, lehena maiatzean Mendekozte Jaietarako, eta bigarrena irailean, Santakrutzetarako. Eta aldizkariak horrela jarraitu zuen 2000ko maiatzera arte, hogeigarren zenbakia plazaratzean, bere azken hatsa eman zuen arte. Laugarren zenbakirako, hau da, 1990eko maiatzean plazaratu zen aldizkarirako, bigarren bertso-sorta ederra bidali zigun; Ogi gogorrari hagin zorrotzak izena zuen, zortzikoa, hamar bertsoz osatua eta Hegoatik Iparrera doinuaz kantatzeko prestatua.

1990eko irailean Lezo aldizkariaren bosgarren zenbakia plazaratu genuen, eta hortxe ere Xanti Zabalak igorritako Ilargia eta gizona izeneko bertso-sorta plazaratu genuen. 10 bertso osora, Xabier Amurizaren Euskal Herritik aparte doinuaz kantatzeko prestatuak. 1991ko maiatzean seigarren zenbakia plazaratu genuen, eta hortxe ziren Xantik bidalitako bertso ederrak. Bertso-sortak Natura edo izadia izena zuen, eta 10 bertsoz osatua zegoen. 1991ko irailean plazaratu genuen zazpigarren zenbakian, Nafarroa izeneko bertso-sorta sentikorra plazaratu zuen, 11 bertsoz osatua. Hauxe izan zen ni kultur zinegotzia nintzela plazaratu genuen azken zenbakia, lau urteko denboraldia pasatuta.

Hortik aurrera, eta 2000ko maiatzean bukatu zen arte, Lezoko Elkarte Koordinakundeak, Udalaren diru laguntzaz, hartu zuen, eta baita ederki bete ere, aldizkaria plazaratzeko ardura. Bigarren garai berri honetan, Xanti Zabalak ere parte hartu zuen olerki-sorta berri bat bidaliz. 1993ko irailean, plazaratu zuten hamahirugarren zenbakian atera ziren bertso horiek; Poeta izan nahi izena zuen aipatu sortak, 10 bertsoz osatua zen eta Xabier Amurizaren Euskal Herritik aparte doinuaz kantatzeko prestatuak ziren. Ene irudikoz, bertso hauek autobiografiko itxura dute. Azkeneko bertsoan honela aitortzen digu:

     Bizkarrean dudan zama,
     luma harturik lan arma.
     Nola goratu izadi eta
     ortzearen xarma?
     Tristuraz ezin dut asma,
     saiatu arren, ai ama!!!
     Poeta izan nahi eta ezin,
     horra nire drama!!!

2. Xanti Zabalaren nondik norakoak

Xanti Zabala Urdangarin, Lezoko Gaintxurizketa baserrian jaio zen 1942ko urriaren 5ean, eta jaioterritik etorri zitzaion bertsotarako erabili zuen ezizena, Lexo, hain zuzen. Hamaika senideetan gazteena izanki, baserri lanetan aritu izan zen gaztetan, soldaduskara deitu zuten arte. 1969an Ramoni Elizazu Azaldegi hondarribiarrarekin ezkondu eta Irunen jarri ziren bizitzen. Irunen jaio ziren gerora Xabier eta Abel semeak.

Bat-bateko saioetan aritu zen 1960 eta 1970eko hamarkadetan, 1967an Gipuzkoako Bertso Finalean kantatu zuen, eta 1976an Zepai saria irabazi zuen Idiazabalen. Bertso munduan ibili zen beti, sortak idatziz eta plazaratuz, bertso eskolak emanez, bertso jartzaile gisa eta abar.

2002an erretiroa hartu zuen. Zenbait urte beranduago minbizia atzeman zioten biriketan, eta 2012ko martxoaren 21ean, hil zen aipatu gaitzak eramanda.

3. Udaberriz liburua, Xanti Zabalaren testamentua

2013an, Auspoa argitaletxeak, Udaberriz izeneko bertso bilduma plazaratu zion, Nikolas Aldaik prestatua eta Pello Esnalen hitzaurre adierazgarri batez hornitua. Aldaik hitz-atzean kontatzen duenez, liburua prestatzen hasia zuen Xanti Zabalaren laguntzaz, baina tamalez, Heriok eraman zuen bukatu baino lehenago, egitasmoa nolabait umezurtz utzirik. Hala eta guztiz ere, ordurako, Nikolas Aldaik bazuen materiala bilduta eta prestatuta, eta Ramoni alargunaren eta semeen laguntzaz liburu mardul eta eder hau bukatu eta plazaratu zuen. Ehun bat bertso azaltzen dira bertan idatzirik eta liburuaz gain, bada CD bat bat-bateko hamar bertsoz osatua. Ez da lan makala Aldaik egin duena, eskergarria zinez!

Image

Xanti Zabala “Lexo” Andreone ondoan, herriko liburutegiari bere bertso bildumaren dohaintza egin zion egunean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2004/11/04.

Bere bertsoetan, Xanti Zabalak bizia eta izadia kantatzen ditu maiz, garaiko pertsonaiak eta gertaerak aipatuz. Baina euskara eta Euskal Herria dira, benetan bihotzean, sakon-sakonean estekaturik dituen gaiak. Askatasun falta, euskal etorkizuna egin beharra… arnasten dira, behin eta berriz, bere bertsoetan. Nik, orain, gogoeta moduko idazlan honi bukaera emateko, Kukua, Euskal Herria eta euskara izeneko bertso-sorta ekarriko dut lerro hauetara, nire hitzek baino askoz argiago agertzen baitute Lexok ama euskarari eta euskal aberriari zien maitasun handia eta egiazkoa. Zortziko zaharra dugu, 10 bertsoz osatua eta Hegoatik Iparrera doinuaz kantatzeko prestatua. Kukuak, goiz batez, esperantzarako mezua kantatu omen zion Xanti Zabalari, eta berak bertsotan mezu hori helarazi digu guri. Testigantza eta testamendu ederragorik!!! Egun handira arte, Lexo!!!

               Kukua, Euskal Herria eta euskara

     1. Zein mezuren udaberri ote dakarzu, Kuku?
         ku-ku hotsak badu horrenbeste ezkutu.
         Misterio barru hori nahi nuke ezagutu.
         Berri onik ez baduzu, egon zaitea mutu!

     2. Aurten ere etorria, urteroko antzera,
         ote zatoz behin-betiko gure penak kentzera?
         Hainbat amets egin ohi dut zure ku-ku hotsera.
         Bat, euskaldun batasuna goazela lortzera.

     3. Euskararen arazoa dabilkigu auzitan.
         Ofizialki onartua, erabili gutxitan.
         Denok hitzez bere alde, bera preso hesitan.
         Zure ku-ku bezain libre bedi toki guzitan.

     4. Euskal Herri bihotzeko, Euskal Herri nirea,
         noren erruz zaude ezin aurkiturik bidea?
         Aberrien nortasunez duzu eskubidea,
         ku-ku hotsa bezalaxe izateko librea.

     5. Herri baten arimaren funtsa hizkuntza bada,
         zein deabruk eragin du gurean hainbat traba?
         Odolaren mintzorikan gabeak ote gara?
         Kukuak du ku-ku hizkuntza, euskaldunok euskara.

     6. Euskaldunak asko gara, egiazkoak zenbat?
         Non aurkitu sentipenak saltzen dituzten dendak?
         Euskararen arrakastak zer-nolako eztandak,
         maitatzeko gai bagina Kukuak ku-ku hainbat!

     7. Nola joka genezake geurearen kaltera?
         Geuk ez bada, Herri zahar hau aurrera nork atera?
         Ametsaren gauzatzea oraingoan ote da,
         udaberriz Kukuaren kantuekin batera.

     8. Lehen harria botatzea errazegia nuke.
         Ni ez naiz nor hortarako, ez dut hainbat bertute.
         Bakoitzaren ahalegina jarriko bagenuke,
         beste Kuku batek ku-ku, ku-ku egingo luke.

     9. Zazpi adar enbor batez euskaldunen leinuak.
         behin batean estalirik, horra utzi lainuak,
         baina berriz bistan dira eguzki errainuak…
         Ipar eta Hegoalde batuz ku-ku doinuak.

   10. Horra hemen nire amets gozoan oihartzuna.
         Ea noizbait euskaldunok pizten dugun zentzuna.
         Hein handian geuk daukagu biharko erantzuna.
         Kukuari hala diot gaur goizean entzuna.

Ignacio de Arpide kapitain eta pilotua

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Ignacio de Arpide kapitaina (Lezo, 1658 – Ozeano Atlantikoa, 1715) belazko nabigazioaren aroko pilotu aurreratua izan zen. Lezon mendeetan zehar errotua egon zen lanbide horri, pilotutzari alegia, segida emanez.

Lanbidean ohikoa zen bezala Ignacio ere oso gaztetatik hasi zen itsasoan, eta behereneko mailatik abiatuz lortu zuen gailurra jotzea. Gure herritarra ondo ezagutzen zuen Santiago de Acuña kapitain sevillarraren lekukotasunak ez du zalantza izpirik uzten: 1699an hogei urte baino gehiago zeramatzan jada Ameriketako arrutan, eta ordurako izanak zituen paje, grumete, marinel, kontramaisu eta pilotu akonpainatu postuak arruta horretako ontzi desberdinetan. Eta noizbait egitekoek horretara behartuta Cádizeko biztanlea egin zen, Lezorekiko loturak bizi guzian iraun arren.

Image

Arpidenea etxeko armarria; Kale Nagusia, 4. Fotografia: Lander Zurutuza, 2011.

Euskal Herria eta Andaluziaren arteko arruta ere, noski, oso ezaguna zitzaion. 1691n, esate baterako, Pasaiako kanalean lehorreratutako La Sacra Familia ontziko kapitain eta maisua zen. Juan Martínez de Iriberri kapitainaren aginduz Pasaiako kanalean eraikitako berrehun eta hogei tonako ontzi horrek artilleriako hamasei pieza zituen, eta ohol, burdin, iltze, arraun eta abarrez osatutako zamarekin abiatzeko prest zegoen apirilaren 3an. (1)

Ameriketako nabigazioei dagokienez, esate baterako 1693an Cádizetik Caracaseko portura joan zen pilotu akonpainatu gisa Nuestra Señora de Regla, San Joseph y San Ignacio ontzian, bertako administratzaile Félix Blanco kapitainaren eskariz, postu hori betetzeko Cádizen bertan urriaren 12an azterketa ofiziala egin eta gero. Kapitain horren aginduetara egin zuen joan-etorriko biajea. (2)

Image

Caracas, Comana eta Paria probintzietako mapa : Hego Amerikan kokatuak (1754). Iturria: Biblioteca Nacional de España.

1696an Cádizetik Veracruzeko portura joan zen pilotu nagusi gisa El Santo Cristo de San Agustín y Nuestra Señora del Pópulo ontzian, postu hori betetzeko Cádizen uztailaren 6an Antonio de Gaztañeta almirantearen aurrean azterketa ofiziala egin eta gero. Indietako edo Espainia Berriko flotaren partaide izan zen ontzi hori, eta Joaquín de Aguirre bertako kapitaina. Ontziak, Juan Gutiérrez de la Calzadilla jeneralaren aginte pean, uztailaren 28an abiatu ziren Cádizetik eta urriaren lehenengo egunetan iritsi Veracruzera. (3) Itzulerako biajea bi urte geroago izan zen. Ontziak 1698ko maiatzaren 8an abiatu ziren Veracruzetik, Habanan geldialdia egin eta irailean iritsi ziren Cádizera. (4)

1699ko ekainaren 12an, jada esperientzia handiko marinela zela, pilotu titulu ofiziala eskuratu zuen Sevillan, Real Casa de la Contratación de las Indias delakoan. Garaiko ordenantzek agintzen zuten hirurogei eguneko kosmografia ikastaroa egin zuen horretarako, eta hari zegokion azterketa gainditu. Ameriketako arrutako edozein ontzitan pilotu nagusi postua betetzeko ahalmena zuen harrezkero. (5)

Image

Ignacio de Arpide kapitainaren sinadura (1699). Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 57B, N. 42.

1710eko otsailaren 26an, Señor San Joseph ontziko pilotu nagusi gisa Buenos Aireseko portura abiatzeko prest zegoela, testamentua egin zuen Cádizeko eskribauaren aurrean. Egoitza Cádizen bertan zuen Andrés Martínez de Murguia merkatariaren ontzietan zebilen ordurako, eta lan harreman horrek bizi guzian iraungo zuen. (6) Euskal Herriko burdina Buenos Airesera esportatu eta bertatik larruak inportatzeagatik nabarmendu zen aipatu merkataria. (7)

1715eko maiatzaren 1ean azken hatsa eman zuen Ozeano Atlantikoaren erdian, Andrés Martínez de Murguiaren ontzietako batean pilotu nagusi gisa Buenos Airesetik bueltan zetorrela. Ontziak ekainaren 2an sartu ziren Cádizen. Eta heriotzaren berriak ekainaren 15ean iritsi ziren Lezora gutunen bidez. Hurrengo egunean egin zitzaion hileta elizkizuna jaioterrian. (8)

Francisco de Arpide eta María Pérez de Bidarte izan ziren haren gurasoak, biak lezoarrak. Eta 1683ko urtarrilaren 6an Juana de Soarrain lezoarrarekin ezkondu zen (Sorarrain). Hil zenean, emazteaz gain bi seme-alaba utzi zituen: Joseph, Lezoko bikarioa izango zena, eta Ignacia. Eta horiei, bi ezkontideen heriotzaren ondoren irabazpidezko ondasun hauek geratu zitzaizkien herentzian: familiaren egoitza zen Arpidenea etxea (Arizpenea), Urrileku eta Minkura baserriak, kaleko etxetxo bat bere sagardiarekin eta zilar landu kopuru handia, besteak beste. (9)

ERANSKINAK

1. Antonio de Gaztañeta almirantearen egiaztagiria (1696/07/06)

El almirante don Antonio de Gaztañeta Yturribalzaga gobernador por Su Magestad del galeón nombrado Nuestra Señora de la Concepzion y Las Animas capitana real de la armada del Mar Oceano. Certifico que conozco que Ignazio de Arpide es piloto de profesion y marinero conoçido por mi de mas de doze años a esta parte que a que nabega asi en la carrera de las Yndias en diferentes biajes ocupando plaza de aconpañado de piloto y en otras navegaçiones diferentes de prinçipal y que le he esperimentado haçiendole las preguntas necesarias para su entero reconocimiento asi en la teorica como en la pratica y allandole capaz y sufiçiente para que pueda ocupar la plaza de piloto prinçipal de qualquier bajel en la carrera de Yndias y por que presento un auto de los señores presidente Marques de Narros y don Juan Bauptista de Aguinaga juez ofiçial de la Real Cassa de la Contratazion de la çiudad de Sevilla para que yo le hessaminasse y diesse mi aprobazion y allandole yo como le allo con toda la sufiçiençia que se requiere doy la presente çertificazion firmada de mi mano y sellada con el sello de mis arrmas que es fecho en Cadiz a 6 de jullio de 1696 años.

Don Anttonio de Gaztañeta y Yturribalzaga [rubricado]

(Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 5782, N. 106)

2. Santiago de Acuña kapitainaren lekukotasuna, Ignacio de Arpide kapitainaz mintzo dela (1699/06/04)

Y en diferentes ocasiones le a visto en la mar usar con grande asierto de los ynstrumentos del arte de la navegazion como son la abuxa, astrolabio, vallestilla y tomar altura de sol y estrella y hechar punto en carta de marear y siempre con grande asierto en todo ello y por esta razon lo tiene por tal marinero practico en la dicha carrera de las Yndias, havil y cursado en ella.

(Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 57B, N. 42)

3. Pilotu titulua (1699/06/12)

Titulo = En el nombre de la Santisima Trinidad Padre Hixo y Espiritu Santo tres personas distintas y un solo Dios verdadero = el señor don Alonso de Bacas Montoya presvitero que en virtud de autto de los sseñores pressidente y juezes ofiziales por Su Magestad de la Real Casa de la Contratazion de las Yndias estoy nombrado por piloto mayor en dicha Real Casa durante la aussencia de don Francisco Anttonio de Orbe piloto mayor por Su Magestad de la carrera de las Yndias en dicha Real Casa = a todos y qualesquier que el presente vieren salud en el Señor. Como la navegazion sea mediante que se comunican aun las nasiones remotisimas, y que por ellas se ha estendido el santo evanxelio a mayor onrra y gloria de Dios nuestro señor en benefisio del jenero humano e yntrodusido el trato y comersio a tan jeneral provecho de estos reynos y provinçias y que combiene que esto se continue haviendo pilotos que lo hagan siendo costumbre de la antiguedad por tradision deribada el ornar a los que se señalan y adelantan en sus profesiones con algun titulo honorifico por premio de su virtud y logro de su travajo que sirva de exemplar para alentar a los otros; por tanto haviendose pressentado ante mi en esta Real Casa el capitan Ygnasio de Arpide vecino de la ciudad de Cadiz y natural de la villa de Lezo en la provinçia de Guipusqua, y haviendo constado lexitimamente de su naturaleza y limpieza y buenas costumbres vida y fama y que es marinero practico havil y cursado en la carrera de las Yndias y en particular de la provinçia de Nueva España y demas islas y costas de su barlovento, lo qual consto por las ynformasiones que de ello dio, y pressento zertificazion de haver cursado los dos meses la cathreda de cosmograhia y parte theorica que las hordenanzas disponen; y oy dia de la fecha de este estando en la dicha casa y sala del consulado con asistençia del señor don Francisco Anttonio de San Millan y Sevallos cavallero del horden de San Tiago del consexo de Su Magestad su juez ofizial en dicha Real Casa y de mi el dicho señor don Alonso de Bacas como cathredactico por Su Magestad de la cathreda de cosmograhia y parte theorica en dicha Real Casa y de don Manuel Salvador Varreto cosmografo fabricador de ynstrumentos por Su Magestad del arte de la navegazion y haviendo entrado en exsamen riguroso hallandose para ello pressentes los pilotos exsaminados que en vastante numero se requiere, y hecho al dicho capitan Ygnazio de Arpide tres preguntas las mas dificultosas del arte de la navegazion y haviendose votado por votos secrectos, salio aprovado el suso dicho por todos votos nemine discrepante de rigor de justiçia por tal piloto de la dicha provinçia de Nueva España y todas sus costas e yslas de su barlovento; e luego yncontinenti yo el dicho señor don Alonso de Bacas Montoya (en virtud de la facultad que me esta consedida) le di el grado de piloto de la dicha provinçia de Nueva España e yslas de su costa y varlovento y juntamente facultad para poder navegar de tal piloto prinçipal de naos de flota o armadas de la carrera de las Yndias de la dicha provinçia de Nueva España, y que pueda ganar y gane el sueldo que Su Magestad manda dar a los tales pilotos exsaminados y que goze de todos los previlexios yndultos y prerrogativas que gozan los tales pilotos por zedulas de Su Magestad que le estan consedidas en estos reynos de España y en los de las Yndias y hizo juramento ante el pressente  escribano de que bien y fielmente usara su arte y que no enseñara su profesion a ningun estranxero de estos reynos ni le dara el reximiento ni derrotas de la dicha carrera de las Yndias ni los ynstrumentos carta abuxa vallestilla ni astrolavio, en fee y testimonio y para que de ello conste le mande despachar este titulo firmado de mi nombre y sellado con el sello de la dicha Cassa, en cuia contaduria prinçipal se a de tomar la razon de el, que es fecho en Sevilla en la dicha Real Casa de la Contratazion de las Yndias, en doze dias del mes de junio de mill sseiscientos y noventa y nueve años.

don Alonso de Bacas Monthoya [rubricado]

Antte mi por ausencia de Juan Carlos Matheo Felix de Pineda [rubricado]

(Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 57B, N. 42)

ITURRIAK ETA BIBLIOGRAFIA

1. Archivo General de Indias, Contratación, 57B, N. 42.

2. AGI, Contratación, 57B, N. 24.

3. AGI, Contratación, 5782, N. 106.

4. Todoavante [linean]. [Kontsulta: 2025-01-10]. “Flota de Nueva España 1696”. <https://todoavante.es/index.php?title=Flota_de_Nueva_Espa%C3%B1a_1696&gt;.

5. AGI, Contratación, 57B, N. 42.

6. Euskadiko Artxibo Historikoa, Archivo de la Casa de Ramery, Testamento del capitán don Ignacio de Arpide, marido de doña Juana de Sorarrain.

7. CRESPO SOLANA, Ana. “Los Registros destino Buenos Aires del comerciante Andrés Martínez de Murguía (1717-1730)”. In Estudios de la Universidad de Cádiz ofrecidos a la memoria del profesor Braulio Justel Calabozo. Cádiz: Universidad de Cádiz, 1998.

8. Donostiako Elizbarrutiaren Artxibo Historikoa, Lezo, hildakoen lehenengo liburua.

9. Euskadiko Artxibo Historikoa, Archivo de la Casa de Plaza-Lazarraga (Duque de Sotomayor), Juicio de la partición de los bienes y herencia del capitán D. Ignacio de Arpide y de Dª Juana de Sorarrain, en que se consideran los bienes raíces y muebles.

Lezoko alkateak azken 125 urtean

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA
JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

XXI. mendea bere lehen laurdena betetzera doan honetan, ariketa interesgarria iruditu zaigu azken 125 urtean herriko alkate izan direnen zerrenda osatzea; besterik ez bada ere, belaunaldi berrientzat jakingarri.

Hogeitabost gizon-emakumeren izenak ageri zaizkigu zerrendan. Horietako batzuek behin baino gehiagotan izan ziren alkate karguan. Karguan urte gehien egin zituena 23 urtez izan zen alkate; Regino Guezala Alzate, XX. mendearen hasiera-hasieran. Lehen emakumea, berriz, 1983an hautatu zuten alkate; Arantza Zeberio Korta, hain zuzen ere, eta haren ondotik beste bi emakumek izan dute alkate izateko ardura: Iñake Urrestarazu Azurmendik eta Ainhoa Zabalo Loiartek. Gainerako alkate guztiak gizonezkoak izan dira.

Esan gabe doa, 125 urte horietan errejimen politiko ezberdinak pasatu dituztela alkate horiek guztiek. Espainiaren mende gauden herria izanik, estatu horrek zuen agintariak edo agintaritza moldeak markatu izan du -oraindik ere halaxe gertatzen da- gure herriko gobernamendua; monarkia eta errepublika eta haiei loturiko errege-erreginak nahiz presidenteak, Miguel Primo de Riveraren eta Francisco Francoren diktadurak tartean direla.

Halaber, pentsa dezakezuen bezala, tarteka, ordezkapenak, aldi baterako kargu-uzteak, gaixoaldiak, sestrak eta beste zenbait kontu gizatiarrek eraginda, alkate ordeek edo zinegotziek hartu izan zuten behin baino gehiagotan, behin-behinean, alkate kargua. Ez gara baina xehetasun maila horretaraino joango, alkatetza aldiak zehaztu ditugu eta horiexek ikusiko dituzue izen bakoitzaren aurretik.

Image

Ezkerretik eskuinera: Patri Urkizu, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Arrizabalaga, Lezoko Kale Nagusian. Fotografia: Patxi Intxaurrandieta, 2018.

1979tik aurrera, Espainiako Estatuaren erreforma politikoaren ondorioz, Euskal Autonomia Elkartea eratu zen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herrialdeak autonomia batean bilduz eta Nafarroa garaia beste autonomia batera bereiziz. Geroztik, udal agirietan eta aktetan euskara normaltasun handiagoz eta ofizialtasun maila batean agertzen hasiko da. Patri Urkizu Sarasua izan zen aro berri horretako lehenengo alkatea, euskarari udalaren lanean sarbidea eman zion lehen udalbatza hartako burua. Lantxo hau hari eskaini nahi genioke omenaldi eta aitortza gisa.

Alkateen zerrenda 1900. urtetik gaur arte

1900-1923: Regino Guezala Alzate

1923-1924: Jose Manuel Sarasola Legorburu

1924-1930: Anastasio Salaverria Bengoechea

1930-1931: Florencio Guezala Garmendia

1931-1933: Jose Guezala Garmendia

1933-1934: Patricio Lopetegui Lizarazu

1934-1936: Vicente Ayerdi Olaizola

1936/2/27-1936/9/13: Patricio Lopetegui Lizarazu

1936-1938: Tiburcio Ascasibar Sarasola

1938-1940: Regino Salaverria Azcorreta

1940-1941: Francisco Salaverria Elizondo

1941-1946: Tiburcio Ascasibar Sarasola

1946- 1952: Luis Aranjuelo Basterrechea

1952-1957: Eusebio Ercilbengoa Arburu

1957-1958: Jose Maria Leturia Isasa

1958-1969: Rafael Izulain Jargeta

1969-1979: Jose Diago Bilbao

1979-1983: Patri Urkizu Sarasua

1983-1987: Arantza Zeberio Korta

1987-1991: Mikel Arrizabalaga Pikabea

1991-1993: Iñake Urrestarazu Azurmendi

1993-1995: Aitor Sarasola Salaberria

1995-1999: Mikel Arrizabalaga Pikabea

1999-2003: Aitor Sarasola Salaberria

2003-2007: Pello Garbizu Azkue

2007-2011: Haritz Salaberria Goikoetxea

2011-2015: Ainhoa Zabalo Loiarte

2015-2017: Pello Garbizu Azkue

2017-2019: Jesus Mari Martiarena Jaca

2019-2023: Jesus Mari Martiarena Jaca

2023-: Mikel Arruti Salaberria

 

Heriori Joxe Luix Agirretxek ebatsitako poemak

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

2021ean, eta Baionako Maiatz argitaletxearen bitartez, Joxe Luix Agirretxe lezoar euskaltzale ezagunak oso olerki bilduma berezia plazaratu zuen. Horretan beste bi lezoar ezagunek liburua osatzen lagundu zioten, Urtzi Urkizuk aitzin-solas modukoa egin baitzion eta Lander Zurutuzak, bere marrazkiez, olerkien mezuak ilustrazio bihurtu baitzituen. Kontakizun ezkorra, beltza… baina, zorigaitzez, askotan egiantza handia hartzen duena.

Image

Ezkerretik eskuinera: Urtzi Urkizu, Joxe Luix Agirretxe eta Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharreta liburuaren aurkezpenean, Lezoko Aizpea ostatuan. Fotografia: Lander Zurutuza, 2021/05/22.

Desagertzen ari den mundu oso baten bukaera ekartzen digu, behin eta berriz, gogora: euskara, Euskal Herria, natura, gizateria eta planeta osoa… Horretaz gain, aipatu behar dugu Joxe Luix Agirretxek momentuko bizipen gogor eta lazgarrietatik idatzitako olerkiak direla, liburuari egindako sarreran aitortzen digun bezala: “Nire kasuan, beredenik, gogo-bihotzetan irakin arte berotutako gertaeren zukuak sortutako lurruna jalkitzeko bide isil eta bakartia da poemak idaztearena“.

Image

Ezkerretik eskuinera: Urtzi Urkizu, Joxe Luix Agirretxe, Lucien Etxezaharreta eta Lander Zurutuza. Fotografia: Agustina Pontesta, 2021/05/22.

Lehen olerkian, “Ebasle naiz” izenekoan, Heriori poemak lapurtzen ibili izana aitortzen digu inolako erreparorik gabe: “Heriok dena bere / uste du. / Gaizki hezitako umearen / moduan, / dena beretzat hartzen / gaizki ohituta dago. / Behatz muturrak odolduta / beredenik, / poema hauek / erauzi dizkiot.

Bizia bera zalantzan jartzen du “Salbuespen egoera” izeneko olerki sentituan: “Bizia salbuespena da / eta gainera salbuespeneko / egoera mugatuan / gertatzera uzten zaion / elementuen kokatze bakan; / unean eta lekuan. / Bizia anomalia miragarria da / indiferentziaren ez leku / eta ez denbora / koka ezinean.

Bizitzeko saioa” izeneko poeman, heriotza jartzen digu aurrez aurre: “Atzo bizitza hil zitzaidan, / urrezko haritatik zintzilikaturiko / geroaren ispilua hautsi zitzaidan. / … / Zirrara hotz batez, azken hatsa / iragarri zion etorkizunari / orain errukigabeak; / biak hil ziren. / Eta ni ere bai.

Eta “Hor konpon” izenekoan, porturik gabeko itsasaldiarekin alderatzen du denon bizitza: “Bagabiltza, / porturik gabeko itsasaldian, / islarik gabeko / indiferentziaren / ispilu beltzean / salbatuko gaituenaren / aurpegi amultsua / bilatu nahian.

Ez ditu gaurko gizarte erotuaren bekatuak eta balentriak ahazten, eta “Mamuen dantza” olerkian honela erraiten digu atzamarra zaurian igurtziz: “Hor dira dantzan, / langabezia, zahartzaroa, / minbizia, itxurakeria, / elbarritasuna, zorra, / bakardadea, / amodio eza, / doilorkeria, denbora izeneko korrikalari / arras bizkorra, / eta ezagun ez diren beste / hainbat espektro…

Kostaldeko herritarra izanik, Joxe Luix Agirretxek itsasoaren aipamenak egiten ditu tarteka, nola ez. “Altzo gozo” olerkian, adibidez, honela dio: “Itsaso ederraren altzo epelean / hain gozo egonen nintzela jakin banu, / ez nituen esku-ahur eta behatzak / harri latzean urratuko alferrik.

Euskararen galera, euskalduntasunaren gibelapena… dira Agirretxe astintzen duten kezka handiak, “Eza” izeneko olerkian hitz gogorrak ditu euskara baztertzen duten euskaldunentzat: “Ur idorra edanez eta / elikagai hilgarriak janez, / zutik dautza / besterena den / sor lurrean / euskaldun espainiarra / eta euskaldun frantsesa.” Lezoarrarentzat, erdal baskoak ezaren isla dira, errorik gabeko landare lehorrak.

Beharbada horregatik, ikastolen defentsa sutsua dakarkigu “Ikastolaren DNA” izeneko poema ederrean. Hor Heriori menia edo tregoa eskaintzen diola dirudi, esperantzari leihoa zabaltzen baitio: “Hitzak damaigu izena eta izana. / Hitza da gizaki egiten gaituena. / Hitza da ia dena, / ikastolaren DNA.

Hitz gogorrak, saminetik atereak ditu, euskara baztertzen duen euskaldunarentzat, “Euskaldun txarraren balada” izeneko olerki luze eta sutsuan: “Hurko euskaldunarekin erdaretan / mintzo haizena, / zuri alaena! / Faltsu eta saldua!” Harra gurean dugu sarturik, ez dugu urrutian bilatu behar.

Eta, saminaren saminez, Herio, Balbe edo Andere Beltza deitzen dugun horren itzala hurbilera ekartzen digu maiz. Horra “Bizidun, zordun” poeman aditzera ematen diguna: “Andere Beltza, goseti, / denak aho beltzera / eraman beharrean / sumatzen dugu; / gure txanda ere / aurki izango dela / sinesten dugu.

Bihotz nabarreko ur gazitan” poema laburrean gure arbasoen animismora, izadiaren gurtzera itzultzen zaigu olerkaria: “Har nazazu lur! Har nazazu haize! Har nazazu su! Har nazazu ur! Egin nazazue berriz bat / osotasun eternalarekin, / haren gurpilean etengabe / jira nadin; orain honen, / gero haren, berriz / osotasunaren…!

Image

Liburuaren azala. Maiatz argitaletxea, 2021.

Olerki-liburu ederra Joxe Luix Agirretxe lezoarrak bere kezka existentzialetatik abiaturik eskaini diguna, zer pentsa eragiten diguna. Arrangurak, kezkak, zalantzak, gaitzak, hondamendira garamatzaten bideak… aurkezten dizkigu, behin eta berriz, Heriori ebatsitako poema hauetan. Baina, ene irudikoz, ez du apokalipsia bilatzen, tunel beltz luzearen errealitatea bere gordintasunean erakusten digu aldiro… azken finean, bere bihotzean, zail samar ikusten dituen irtenbideak amesten dituelako. Eta horretan nauzue ni ere, Agirretxek Heriori ebatsi dizkion poema hauetan, olerki saminek eskaintzen diguten gogoeta ilunean, amildegira ez jausteko giltza daukagulakoan. Eta ene ustez, lezoarrak egindako hausnarketa beltz hauetatik abiatuz, atzemanen dugu aurrera egiteko bidea eta euskara maitea Euskal Herri osoan hedatzeko bultzada. Geroak erranen!

Ternuako indiar bat Lezon (1657): Francisco Cruz de Terranova

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, bere gorabehera guztiekin, Ternuako biajea garrantzi handiko jarduera izan zen Lezo, Pasaia, Donostia eta euskal kostaldeko beste herri askotako gazteentzat. Ameriketako irla hotz eta urrun hartako bakailaoa eta balearen koipea balio handiko ondasunak baitziren, hala nola korsuaren bitartez lor zitezkeen harrapakinak. Ternuatik bueltan eskerronez Lezoko Gurutze Santuari limosna egitea ere oso errotua zegoen.

Artikulu labur honetan, ordea, XVII. mendearen erdi aldean kontrako biajea egin zuen gazte baten aipamena egingo dut, Kanadako historiarentzat ere interesgarria izan daitekeelakoan. Hots, Ternuako triburen batean sortu eta —baleontziren batean seguruenik— Euskal Herrira etorri zen mutil koskorraren inguruan argi pixka bat egiten saiatuko naiz. Oso urriak badira ere eskura ditugun datuak.

Image

Gurutze Santuaren basilika. Fotografia: Lander Zurutuza, 2024.

Deus ez dakigu mutil koskor haren jatorriaz. Ez dakigu zein izen jarri zioten guraso indiarrek, zein baldintzetan bizi izan zen Ternuan, zein hizkuntz gaitasunak zituen… Eta egin daitezkeen galderak asko dira. Nork erabaki zuen “jentil” hura “zibilizatu” egin behar zela? Zein helbururekin? Borondatez ala gogoz kontra etorri zen Euskal Herrira?

Badakigu, ordea, Errenterian eskolatu zutela, hiribilduko soldatapeko maisuaren eskutik. Eta Errenteriako kaputxinoen komentuko fraileek irakatsi ziotela kristau ikasbidea.

Ondoren, 1657ko martxoaren 19an, sartu-atera labur bat egin zuen historian. Egun hartan Lezoko bikario Bernardo Ochoa de Errartek bataiatu egin zuen, Francisco Cruz de Terranova izen-abizenak ezarriz. Francisco de Gainza kapitaina eta Maria Domingo de Endara senar-emazteak izan zirelarik aitabitxia eta amabitxia.

Image

Maria Domingo de Endara eta Francisco de Gainza kapitainaren etxea, Kale Nagusian (Kuartela). Fotografia: Lander Zurutuza, 2024.

Data horretatik aurrera ez dugu inolako berririk —Errenteriako bikarioaren haserreak Errenteriako batzarrean izandako oihartzuna soilik—. Eta iluntasuna.

ERANSKINAK

1. Francisco Cruz de Terranovaren bataio agiria (1657/03/19)

Francisco Cruz de Terranova / En diez y nuebe del dicho mes y año de cinquenta y siete baptice a Francisco Cruz de Terranova adulto natural de Terranoba. Sus padrinos fueron Francisco de Gainza y Maria Domingo de Endara vecinos de este lugar y para que conste firme. Don Bernardo Ochoa de Errarte [Rubricado]

(Elizbarrutiko Historia Agiritegia, Donostia: Lezo, bataiatuen lehenengo liburua)

2. Errenteriako bikarioaren agerpena, Errenteriako batzarrean (1657/03/21)

Conparecimiento del vicario / En dicho dia de parte de don Joan Ramos de Yraçacaval vicario desta Villa se rrepresento ante sus mercedes que el padre guardian del convento de los capuchinos de ella habia dispuesto el que un gentil natural de Terranoba despues de haver ynstruydo en los misterios de nuestra santa fee catholica en esta Villa y dadole escuela a costa de ella por su maestre escuela asalariado havia dispuesto el que se llevase a bautiçar al Lugar de Lezo deviendolo haçer en la parroquial de esta Villa por los titulos de patrono del dicho convento y otros respectos devidos en hurbanidad de que dava quenta = y sus mercedes acordaron que se le escriba al dicho goardian de parte desta Villa ynsignuandole el justo sentimiento con que se alla de la poca atençion con que en esta ocassion a tenido a la autoridad y respectos desta Villa y que la carta la lleve el sseñor jurado mayor Joan de Chipres.

(Errenteriako Udal Agiritegia: A/1/18, 156 or. atz.)

3. Errenteriako kaputxinoen gutuna, Errenteriako batzarrean (1657/04/04)

Respuesta de los capuchinos / En dicho dia se leyo una carta escripta a sus mercedes por el padre fray Basilio de Cascante goardian de su convento de los capuchinos su fecha a los veinte y ocho de marco deste presente año en que da su disculpa en horden al sentimiento con que esta Villa se allava de haver llevado a bautiçar al Lugar de Leço un muchacho gentil diciendo no haver savido del gusto de la Villa ni rreparado en que ella pudiese tener tal sentimiento = y sus mercedes mandaron se ponga en el archivo.

(Errenteriako Udal Agiritegia: A/1/18, 157 or. atz.)

Patri Urkizuren Eskribu Galduen Bila (Lezoko Udala, 2023)

RAMON SAIZARBITORIA ZABALETA

(Lezoko udaletxea, 2023-XII-1)

Patri Urkizu, Sarasua, eleberrigilea, poeta, ikertzailea, irakaslea, saiakeragilea, filologoa, historialaria… hemen sortu zen, jakina denez, Lezon, 46an, eta hiritar batek izan dezakeen ohorerik handiena, herriko alkatea izatea alegia, lortu zuen, garai korapilatsuan, 78ko Konstituzioaren ondoren, demokratikoki aukeratutako lehen alkatea hain zuzen ere.

Image

Ezkerretik eskuinera: Lander Zurutuza, Mikel Arruti, Patri Urkizu, Ramon Saizarbitoria, Patxi Intxaurrandieta eta Jon Legorburu. Fotografia: Lezoko Udala, 2023.

Denok dakizkizuen kontuak dira. Herri hau biziki maite duela ere badakizue. Begiak argitzen zaizkio Lezon jaio zela esaterakoan, eta, ez du esateko aukerarik galtzen, harira etorri gabe ere esaten baitu, lekurik urrunenean ere solaskideari herri noble hau mapan kokatzeko lana pozik hartuz.

(Parentesi artean esan dezadan Patri Urkizu ezagutu ondoren, erabat aldatu zitzaidala Lezori buruz nuen iritzia, edertu egin zen bere irudia, argitu bereziki, izan ere, umetan ikusten nuen Lezo, urtero amaren eskutik Donostiatik Errenterian barrena etorrita Olibet galleta fabrikatik hasita eskale elbarrituz inguratuta egoten zen bidea, beren muinoi higuingarriak erakutsiz, panorama benetan patetikoa gertatzen zena, nazkaz gainera beldurra ere ematen baitzidan, ondoren basilikan hezetasunak, itxi-usainak eta hormetatik zintzilik zeuden makuluek eta egurrezko hankek areagotzen zidatena. Sentitzen dut esan beharra baina askoz gehiago gustatzen zitzaidan auzoko Santa Faustinitari egiten genion bisita.)

Esan bezala, ordea, Patrirekin ederrago eta alaiago egin zitzaidan Lezo. Patrik, ez dakit nola, dena bihurtzen du ederrago eta alaiago.

Adostasun gutxiko herrialde honetan Patriren ingurukoak dira hainbat; eta nagusiena da pertsona ona dela. Ona, atsegina, eta maitekorra ere bada, oso hezia, gentleman bat, bereziki argia, jakituna hainbat alorretan —bide batez, Donostian bere dotorezia aparta paseatzen zuen beste lezoar bat Tomas Garbizu zen—. Baina maitatua batez ere, berak ere badaki eta atseginez jasotzen ditu maitasun adierazpenak, naturaltasunez, pozik, eta horregatik ere, pertsona ona eta maitagarria izateaz gain maitasuna hartzen dakielako da, maitatua.

Gizon positiboa da, erosoa esango nuke, horregatik ere maite dugu, bizitza maite duela eta ongi bizitzen saiatzen dela seinale duelako, edozertan, beti aurkitzen duelako zerbait ona, eta baita gugan ere beraz.

Ia ezinezkoa da Urkizurekin haserretzea, bere bonhomiagatik eta, Lezokoa izaki, izaera berezia duelako. Don Manuel Lekuona ezagutu zuenean hark ea bere grazia zein zen galdetutakoan Patrik, izen abizenak emateaz gain, ohi bezala, Lezon jaioa zela esan baitzion. Don Manuelek, honako pasadizoa kontatu zion, geroztik Patrik askotan kontatzen duena. Zuetako gehienok entzungo zenioten noski baina hona ezagutzen ez dutenentzat:

Dirudienez, idi batzuk eskuinera jotzeko erakutsiak izaten dira, eta beste batzuk ezkerrera, ateratzen den bektorea aurrerakakoa izan dadin, zuzena. Nik ez nekien. Bada, Lezoko bati uztarrirako idi bat erostera joan omen zitzaion norbait, eta animaliak norako joera zuen galdetu zionean, bietarakoa zuela erantzun omen zion lezoarrak. Urkizuk bi aldeetara botatzen du gaia garrantzitsua ez denean, ez diolako konpentsatzen inor deseroso egoteko arriskuan jartzea huskeria batengatik, eta ulerkor jotzen du behar den aldera. Horregatik moldatzen da ondo ia mundu guztiarekin, baita nirekin ere, nahiz eta ni trapu gorriaren zabalari itsuan erasotzekoa naizen. Baina egia da badakiela irmo bere aldera tiratzen gaia garrantzitsua denean eta irmotasuna eskatzen duenean.

Nire ustez, duala da behar bada, hobekien definitzen duen terminoa alegia, bi alderdi erabat desberdinak biltzen dakien gizona, Lezoko idiak bezala bi aldetara tiratzen dakiena: gizon dibertigarria da, bon vivant bat, jan edanean eta kirola egiten gozatzen duena, baina baita langile nekaezina ere eta hiritar konprometitua ere; antzinako kultura eta tradizioa errespetatzen dituen modernoa, klasikoak maite dituen abangoardista heterodoxoa, gizon serio eta alaia.

Fronte guztietan borrokatu beharra tokatu zaio, bere garaian zulo asko bete beharra zegoelako. Ikertzaile, idazle, dituen urteak baino sari gehiago irabazi dituena, kirolari bezala munduko pala txapelketa irabaztera iritsi dena, konpromisoak betetzen eta bizitza zelebratzen jakin duena.

Hori guztia ezin hobeto agertzen da aurkezten dugun autobiografia honetan.

Bi datu emango ditut: liburuan ageri den Patri Urkizuren idazlanen zerrendan 280 lan aipatzen dira, eta Donostiako Udalak argitaratutako Gida bibliografikotik ongi zenbatu baditut, 65 monografia inguru idatzi ditu, 50 edizio literario baino gehiago, 200 artikulutik pasa —baina artikuluak, ez batzuk idazten dituzten zutabetxoak—, eta horrekin batera, ideia bat egin dezazuen, biografia honetan bazkari hitza 159 aldiz azaltzen da, afari 214, gosari 64; guztira, taberna jatetxe, jan edana, xanpaina eta antzekoak 754 aldiz.

Liburuak “Aitor dut bizi izan naizela” (Confieso que he vivido) izenburua izan zezakeen, bizitza, bizitza ona, gainezka baitario.

Egia esan, bizitzan ondo joan zaiola dirudi eta, hala da, ongi joan zaio, baina ez patuak kexarako joera dutenei baino hobeto jarri dizkiolako gauzak. Ez horixe. Bere biografian badira gertaerak, haurtzaroan, gertaera batzuek min handiagoa ematen duten garaikoak hain zuzen ere, beste batzuei bizitza mingostuko zietenak eta berari bere izaera estoikoa eratzeko balio izan diotenak. Eskolan sartu aurretik arraina saltzera joateko goizean oso goiz ohetik jaikitzen den haurraren penak, futbolean abarkekin jokatu behar duenarenak, Gabonak internatu lehorrean igarotzen dituenarenak, karmeldar habituaren kiratsak eta bizar lakarraren marruskadura jasan dituenarenak, komentutik kanporatua izan eta egun oraindik zergatik ez dakienarenak, bere anaia maite, mirestu eta ausartaren itsasoko heriotza bizi behar izan duenarenak. Guztietatik irten ahal izan zen bere sendotasunari esker, maitasuna eta segurtasuna eman zizkion familiaren baitan landutako sendotasun psikikoari esker eta, areago, Patriren kezka intelektualak neurri batean argitzen dizkigun aita artista eta ilustratu baten bidez.

Utzidazue adierazi nahi dudana azaltzeko pasarte labur bat irakurtzen:

Izan nuen, ordea, dio, osasun arazo ttiki bat, aski kronikoa izan dudana, alegia, belarri batean halako burrunba hotsa. Erabaki zuten, bada, Tuterara joan behar nuela otorrinolaringologoarengana, edo laburrago beren burua errepublika garaian iragartzen zuten bezala, Begi-belarri-eztarri medikuarengana. Aita Libertok autobuserako sos batzuk eman zizkidan eta hantxe joan nintzen bakar-bakarrik. Oroitzen naiz oraindik zenbat gustatu zitzaidan katedraleko ataria, harri landuzko irudiekin, eta, hotz izugarria egiten zuenez, autobusa hartu bitartean liburu-denda batera sartu nintzela eta, ongi begiratu eta arakatu ondoren, Austral bildumako Pedro Salinasen La voz a ti debida poesia liburua, urtetan neure adiskide on-ona bilakatu zena, hamazazpi pezetaren truke erosi nuela.

Paragrafoak ikasgela guztietan analisi-elementu gisa erabiltzeko gai franko ematen du. Autobusean 14 urte exkax dituen mutikoa, herritik ia atera gabea, autobusean bakarrik medikuarengana, obra arkitektonikoak miresteko gai, hotzetik gordetzeko liburu-denda batean sartzen dena, dituen lau txanponak Salinas poeta finaren obra jasoa erosten xahutzen dituena.

Nahiz eta une gogorrak bizi izan dituen —nola ez zituen bizi izango alkate garai nahasi haietan, non heriotzaz mehatxatu ere egin baitzuten— balantza erabat makurtzen da bizimodu onaren eta pozaren aldera. Biografia gutxitan egongo dira, senide, lagun eta ezagunei, irakasle, ikasle eta lankideei, bazkari eta afari maitagarriei, dibertigarriei, eta taberna eta jatetxeen nomina zabalari buruzko hainbeste aipu atsegin.

Liburuan, gure herrialdean XX. mendearen bigarren erdialdeko kulturan norbait izan diren pertsonen nomina ia osoa agertzen da, asko Patrik pertsonalki tratatu dituenak, adiskide ere izan direnak eta direnak. Ehunka herri eta hiri azaltzen dira Lezotik hasita, Madril, hainbeste maite duen Madril, non UNED-eko irakasle izan zen, Bordele, non Unibertsitateko irakasle izan zen baita ere, Paris noski, beti Paris, eta London eta Dublin eta Berlin eta Erroma eta Venezia, Rio, Buenos Aires; Casablanca, Mosku… Munduko leku zeharo diferenteen aireaz, koloreaz, giroaz, musikaz, literaturaz, janariez eta edariez disfrutatu du Patrik, bertakoaz eta kanpokoaz, berea maitatzeko ez baitauka besteena gorrotatu beharrik. Europarra da eta kosmopolita.

Pio Barojak ez zuen bere jaioterria oso gustuko eta ezin ulertu zuen bere aita Serafinek nola hainbesteraino maite zezakeen. Idazle handia da semea, aitaren ondoan, baina nahiz eta Patrik eta biok Pio asko preziatzen dugun gehiago maite dugu aita. Orain konturatzen naiz ez diodala sekula komentatu Patriri baina ziur nago horrela dela. Alde ederra Serafinen sinpatia eta umorea!

Piok bere aitari buruz eta aitaren belaunaldiko idazle donostiarrei buruz esaten zuen haiek kanpokoa etxera ekartzeko idazten zutela eta berak berriz bertakoa kanpora zabaltzeko. Iruditzen zait Patriri eta neuri ere, Arestik zioen bezala Euskal Herria zen Erdal Herrian, euskarari ahal genuen moduan eusteko, latina bera euskara baino hobeto ulertzen zen garaian —eskuetan Orixeren Urte Guztiko Meza bezperak tresna bakar bezala genuenean— Serafinen bidetik abiatu beharra egokitu zitzaigula. Eginkizun horrek ordea, ez gintuen mingostu, bueno, ni apur bat bai, Patri batere ez.

Esan behar dut, esan beharko ez nukeena esateko joerari ezin eutsi izaten diodanez, nahiago izango nuela, paper zahar artean ibiltzeari denbora gutxiago eman izan balio eta gehiago literatura produzitzeari. Pena ematen dit katedradun, ikertzaile jakitun, eruditu bezala ezagunagoa izatea, idazle abangoardista bezala baino.

Erri eroria, atzeratua, gezurtia, erua, mozkorra, lañezatua, usteduana, zikiña…

Erri kantoria, txotxolua, kakatzua, uztela, txikia, zakarra,zaharra, itxusi-tontua

Erri madarikatua, alixa, potrorik gabekua, inbiritzua, Kain-en modukua, zozua…

Erri gatzgabekua, fabrikez kixkalita dagoena, kiroltokirik ez duena, sekretario kanpotar baten menpean dagoena, iñoiz ezer deusez egin ez duena, musikako bandarik ez duen erria, alkate eta kontsejal denak salduak dituen erri alua, erri eroria, erri putea…

Zer ote duzu ba, orain zure askatasunagatik odola emateko prest banauzu?

(Zomorro eta Kazkazuri. Euskal Elerti 69)

65 urte joan dira Patri Urkizuk adierazpen hori idatzi zuenetik, ez dakit zein neurritan, kontziente edo inkontzienteki, Irlanda bere kumeak jaten dituen txerri-ama dela esan zuen Joyce handiaren ildotik.

Nolako poza sentitu nuen garai hartan euskal kulturaren eremua, aurretik izan genituen kulturgile guztiei diedan errespetuarekin esanda, oasi gutxiko basamortua zenean.

1565ean jaio eta 1626an zendu zen Lope de Isastiren erreferentzia batekin hasten da liburua eta nirekin, 1944an zesareaz sortua eta oraindik nahiko bizirik dirauen honekin izandako enkontru batekin amaitzen. 2014ko abenduaren 28an Urgull mendian topo egin genuen antza, ni Tito eta Txiki txakurrekin nindoala eta berandu baino lehen elkarrekin afaltzekotan geratu ginen Patriren hitzetan Heriok bere atzaparretan eraman baino lehen ze… nork daki biharko berri?

Txiki lehendabizi eta Tito ondoren, biak hil ziren handik urte batzuetara eta hemen diraugu urte batzuetarako espero. Sendotasun fisikoa zenuela erakutsia zenuen pala eskuan baita intelektuala ere luma eskuan. Sendotasun psikiko izugarria daukazula erakutsi diguzu orain, zorionez, zientziak dioenez gaixotasuna gainditzeko erabat garrantzitsua den nolakotasuna baita. Indar horrekin eta Sokratesen izpiritua lagun, jarraitu dezagun, duintasunez, ahal neurrian lanean eta disfrutatzen, geratzen zaigun bidea.

Eskerrik asko zure adiskidetasunagatik batez ere eta gainerako guztiagatik.

Eskerrik asko Lezoko Udalari eta alkateari. Ziur nago ez dela liburu hau izango urteko gastu guztien artean errentagarritasun sozial txikiena izango duena, izan ere gaurko eta biharko ikertzaile asko izango baitira bere orrietan materia interesgarria aurkituko dutenak, gazte askorentzat eredu izango da, hainbat irakurlerentzat kulturalki aberasteko eta disfrutatzeko bidea.

Patri Urkizuren bizitzaren zurrunbiloan

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

(Lezoko udaletxea, 2023-XII-1)

Gabon denoi.

Zorionekoak gu, gaur, 2023ko abenduaren 1ean, hemen, Lezoko udaletxeko biltzar areto honetan, Patri Urkizu herriko seme argiarekin bildu garelarik, bere liburu eder eta berezi baten aurkezpena dela medio.

Image

Lezoko udalak argitaratu liburuaren azala.

Egun historikoa zalantzarik gabe, gaurkoa, lezoarrontzat, ustekabean, oharkabean igarotzen diren horietakoa.

Halakoa izan zen ere, esate baterako, 1843ko abuztuaren 7a, Victor Hugo idazle erromantiko handia gure kaleetan ibili eta goiko eliza bisitatu zuenekoa. Egun hartako oroitzapenekin Lezoren gaineko inoizko kronikarik ederrena idatziko baitzuen. Eta nola diren gauzak, orain aurkezten ari garan Patriren memorio liburu erraldoi honen azken orriko fotografian ageri diren Sebastian de Arbelaiz itsas pilotu lezoarraren lanabesak margotu zituen Victor Hugok berak, gaur egun Frantziako Biblioteka Nazionalean gordetzen den koaderno batean, gure herriaren izena eta egun hartako data azpian dituelarik.

Eta XVIII. mendeko Lezoko itsas pilotu baten aipamena egin badugu, ezin ahantzi XVI. mendeko beste hura, Jaimes de Zamora, bere garaian oso erabilia izan zen Mareas derrotas izeneko itsas tratatuaren egilea. Baina, zoritxarrez, gaur ez dugu haren aztarnarik, eta nola itxura guztien arabera Zamora kapitainak ez zituen bere memorioak idatzi, deus gutxi dakigu haren itsasoko nabigazioaz eta bizitzaz. Soilik Lope de Isasti historiagile lezoarrak emandako notizia urriak.

Hain zuzen ere, horregatik dira balio handikoak biografiak eta, are gehiago, Patriren kasuan bezala, autobiografiak, norberak bere buruaz eta bere ingurumariaz idatzitako memorio liburuak: denborari eta hark dakarren ahanzturari aurre egiteko, nagusiki. Batez ere oraingoan bezala paperean argitaratzen direnean.

Hala, 600 orrialdetik gora dituen liburu hau, egilearen bizitza hain modu zehatz, txukun eta atseginean laburbiltzen duena, altxor handi bat da familiarentzat, lezoarrontzat, oro har euskaldunontzat eta bereziki egileak hain gogoko dituen Iparraldekoentzat, irakurlea erraz ohartuko denez. Eta liburuaren izenburua bera, Patriren ibilbide luzea hobekien laburbiltzen duen leloa izan daiteke, Ramon Etxezarretaren esanetan: Eskribu galduen bila. Edo beste hau ere izan daiteke lelo hori, Argia astekariak 1980ko azaroaren 2ko azalean idatzi zuen berbera: Patri Urkizu: literatur heterodoxoa eskaintzen. Zeren hau ere ozen esan beharra dago, Patri euskararen eta euskal literaturaren ikertzaile eta dibulgatzaile handienetakoa dugu, bertso eta antzerki zaharren alorrean bereziki, liburu honek gibelean dakarren 22 orrialdez osaturiko bibliografiak ziurtatzen duenez: Patri Urkizuren idazlanen zerrenda. Ez nolanahikoa, alajaina! Eta bai, Patri gizaseme heterodoxoa izan da beti, urratu gabeko bideetan barneratuz atsegin hartzen duten horietakoa. Eta euskal literatura zaharra soilik Elizaren gauza bat dela diotenen aurrean beste literatura bat badela erakutsi digu, batzuetan herrikoiagoa eta beste batzuetan jasoagoa, baina fraile eta apaizen mundutik aski urrun dagoena.

Beraz, liburu honen irakurketan murgiltzen dena, Patriren bizitzaren zurrunbiloan sartuko da, XX. eta XXI. mendeko intelektual euskaldun baten bizimoldea ezagutuko du bertatik bertara, inolako aho bizarrik gabe, haren haurtzaroko Lezotik abiatuz. Haren bizitzako alor guztiak ezagutuko ditu. Heziketa urteak. Kirol zaletasuna. Koldo Mitxelenaren itzala. Arantzazuko Euskaltzaindiko biltzar historikoa. Soldadutza. Sormenezko lehendabiziko lan abangoardistak. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan emandako lehen urratsak. Lezoko lehen alkatetza demokratikoko urte gazi-gozoak. Unibertsitateetako lanak. Literatura sariak. Eusko Ikaskuntza, Euskal Idazleen Elkartea eta Galeuzka. Indarkeria mota guztien arbuiatzea. Literatura aldizkarien sorrera. Familia eta lagunak. Plazerezko eta laneko biajeak. Literatura lehiaketa handietako epaile lanak. Liburutegi nazionalak eta espezializatuak. Euskal idazleen biografiak eta gutun bildumak. Han eta hemengo jardunaldiak. Euskara eta euskal literaturaren zabalkuntza eta munduratzea UNEDen bitartez. Besteak beste.

Lezoko alkate izan zen urteetaz (1979-1983), esate baterako, honako hau dio Patrik: “nire eguneroko lanak bazituen lau sail ezberdin: etxea (Helena eta Urtzi zaintzea), Institutua (bizirauteko beharrezko lana), Udaletxea (herritar gisara betebeharra, konpromiso politikoa) eta Literatura (ene afizio sakona)“.

Bestalde, irakurleak jakingo du, beste hamaika kontu eta istorioez gain, Patrik, gaztetxoa zelarik Kaiako uretan etxeko katu zaharra akabatu behar izan zuela etxekoen aginduz. Zornotzako karmeldarren ikastetxean hasi zela euskaraz irakurtzen eta idazten. Kolonbiara misiolari joatea beste ametsik ez zuela gaztetan baina antza heterodoxoegia izaki ordurako eta kolegiotik bota egin zutela Alesbeseko karmeldarrek. Frankismoaren azken urteetako giro politikoan murgildurik ingenieritzako lehen ikasturtea egin zuela Madrilen, letretako ikasketen bidea hartu aurretik. Euskarako klaseak ematen zituela doan hau oraindik ofiziala ez zen garaietan. Edo euskal idazle ezagun batentzat lanean aritu zela itzultzaile beltz gisa.

Image

Patri Urkizu (Lezo, 1946) liburuaren aleak sinatzen. Fotografia: Lander Zurutuza, 2023.

Eskribu galduen bila liburua noski gonbidapen bat ere bada irakurle gazteentzat, Patriren lanak ezagutu eta dasta ditzaten. Merezi du. Eta gida baliotsu bat etorkizuneko ikerlari, antzerkigile eta abarrentzat.

Eta liburuaren aurkezpen labur honi amaiera emateko, bertan ageri den 2012ko pasarte eder bat irudikatu nahi nuke: Patri eta Urtzi aita-semeak aurrez aurre Sarako Liburu Azokan, bakoitza bere liburuarekin, Urtzi Maiatz argitaletxeak argitaratu Kezka bat gutxiago olerki bildumarekin eta Patri Atlantica argitaletxeak argitaratu Anton Abbadiaren biografiaren frantsesezko itzulpenarekin. Honela dio Patrik: “Arratsaldean kostako bidetik eta Hendaiako hondartza ondoko bidetik poliki-poliki eguneko gertakizunak eta topaketak komentatuz etxeratu gara“.

Mila esker, Patri, egindako lan guztiagatik, eta beti laguntzeko prest egoteagatik.

Lezoko sagardoa loraldi berrian

XABIER DORRONSORO AMIANO

Donostia aldetik Lezora bidean natorrela, aldi oro bezala, nire begiak Mujikatarrek Eguzkitza baserrian duten paregabeko sagardi gazteari so geratu dira. Bertan, maitasun eta mimo guztiarekin urtero sagardo bikaina egiten dute, etxerako eta lagunentzat. Sagardia han dago eder bezain lerden Lezoren zaindari, Lezoren getari. Santakrutzak pasa berri diren honetan gainera, ohartzen naiz, sagar-denbora bete-betean gaudela; hasiak direla kizkiak (sagarra biltzeko erabiltzen den zipotzdun makila) dantzan, kopak (sagarrak biltzeko erabiltzen den zumitzezko zesto edo otarra) betetzeko asmoz, matxakak karraskaka eta tolareak zizar (zizarra sagar muztioa da) malkoak darizkiela. Izan ere, Lezo sagar herria da (baita armarrian ere…), sagardo herria da. Pentsa, lehengo zaharrek Martzial motako sagarrari, Lezo sagarra esaten zioten, atera kontuak!

Image

Eguzkitza baserriko sagardia, behean Lezoko kaskoa ikusten dela. Fotografia: Garikoitz Mujika, 2023.

Image

Eguzkitza baserriko sagardia. Fotografia: Garikoitz Mujika, 2023.

Aurtengoa gainera, sagar urtea dugu (sagarrondoak bi urtetik behin uzta haundiagoa ematen du), sagarrez lepo, beteta, daude herriko sagarrondoak. Pentsatzen jartzen naiz XXgarren mende hasiera hartan, amonak esaten zidan bezala, haien baserritik,  Urunetik, Gaintxurizketako kaxkora, eta Urunetik behera, dena sagardi bat omen zen. Jan sagarrak bai, baina, batez ere, sagardo sagarrak ziren nagusi. Orduan ohikoa omen zen edozein etxetako sagardoa egiteko, hamasei sagar motatik gora erabiltzea. Makarrasti baserriko osabak esaten zidanez, halakoa zen garai hartako sagar kopurua ze, askotan, herrian ziren bi ardatzeko hiru tolare haundietan (Kabitte Aundi, Bordatxo eta Urrullo baserrietakoak), sagarrak astebetez eta luzeago egoten ziren jotzeko beren txanda noiz etorriko zain. Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxiboko datuen arabera, 1932an, hamazazpi ziren Lezon kokatuak zeuden sagardotegi “ofizialak”; behiek edo idiek garleetan (zizarra gurdian garraiatzeko erabiltzen zen kupel luzea) garraiatutako zizarrarekin betetako kupel ttikiak kaleko ia etxe guztietan ziren, eta baserri inguruko guztietan.

Gerraondoko garaietan ordea, ia Gipuzkoa guztian gertatu zen bezala, industrializazioak,  baserrien uztea, sagarrak zituen gaitz berriak eta kontsumo ohituren aldaketa zela eta, Lezoko sagardogintza apurka-apurka gainbehera hasi zen, ondoa jo eta ia desagertzeraino. Baina herrian, Tiñelu elkartearen ekimen eta bultzadari esker, Lezoko sagardo festan, herriko sagardoa soilik zerbitzatzen hasi ziren, orduko sagardogile apur haien arteko lehia paregabea sortuz (paregabea diot ze, Euskal Herrian, Lezokoa txapelketa bakarra da non soilik herriko sagardoa zerbitzatzen den). Halakoa izan da egindako akuilu lana ze, aurtengo txapelketara hamabi etxetako sagardoak aurkeztu ziren. Bejondeiela!

Azken hamarkadetako loraldi berri honi esker, nik dakidala, Lezon une honetan hemeretzi etxetan egiten da sagardoa. Sagardoaren mailak nabarmen egin du gora, baita sagardien kalitateak ere. Horren adibide da Astigarragako eta Hernaniko goi mailako sagardotegiek ere (Altzueta adibidez) Lezoko sagardietako sagarrak erostea, goi mailako sagardogileen artean kosta inguruko sagarrak beti estimazio berezia izaten baitu.

Image

Juantene baserriko sagardia. Fotografia: Irati Munduate, 2023.

Image

Juantene baserriko sagarrondoa. Fotografia: Irati Munduate, 2023.

Image

Juantene baserriko sagarrak. Fotografia: Irati Munduate, 2023.

Loraldi berri honen adierazle nabarmenena, Juantene baserriko Munduate anai-arreba gazteek  azken urteetan sortu duten “Ageri” sagardotegia eta proiektu berezia da. Etxeko sagarrarekin soilik, eta modu erabat naturalean ekoizten dituzte beren 20.000 litro pasa sagardo. Sagardo freskagarriak, sagardo lehorragoak eta baita Errezil hutsez egindako barietate bakarreko sagardoa ere egiten dute. Herriko gazte hauek azken berrikuntza teknologiko berrienak baliatuz ekoizten duten sagardoak, legeak eskatzen dituen eskakizun guztiak betez, Gipuzkoako sagardogileen elkartearen kide izatea lortu dute. Era honetan, Lezoko sagardoa  guztiek ezagutzen ditugun sagardotegi haundien pare jarri dute. Sagardoa soilik botilan eta norbanakoei, herriko, Donostiako eta bailarako zenbait tabernatan, eta dendatan saltzen diete “Ageri” izenpean.

Image

Juantene baserriko tolarea. Fotografia: Xabier Dorronsoro Amiano, 2023.

Image

Juantene baserriko kupelak. Fotografia: Xabier Dorronsoro Amiano, 2023.

0 kilometroko produktu naturalen garrantziaz apurka ohartzen ari garen garai honetan,  aukera paregabea dugu herriko natura, paisaia, herriko kultur ondarea eta historia, zaindu eta bultzatzeko. Horretarako herriko sagardogileen lana baliatu eta haien sagardoa edatea bezalako lan atsegina egitea besterik ez dugu! Modu honetan soilik, orduan zen bezala, Lezo sagar herria, sagardo herria izango baita.

Etxetxo baserriko ama-semeen hilketa

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Laurogeiko hamarkadan Gipuzkoako Lezo herrian bizi izan nintzen eta orduz geroztik oso lotura handiak izan ditut herriarekin eta bertako herritarrekin. Lezon bizi izandako urteek nire bizitzan zama handia utzi dutela eta nire bizitzaren nondik norakoak nolabait bideratu dituztela uste dut. Aitortu beharra daukat Lezon eta lezoarrekin asko ikasi dudala, eta hainbat arlotan, gainera.

Oraingoan, kontatu nahi dizuet, 1936ko udan, Francoren altxamendu faxistaren garaian, Gaintxurizketako baserrietan gertatu zen hilketa lazgarria, nik lezoarren ahotik entzun nuenez geroztik, beti buruan, jira-biraka izan dudana, halako krudelkeriaren oroitzapena ezin baita gogotik eta bihotzetik erraz ezabatu.

1936ko uztailaren 27a zen, Nafarroatik zetozen erreketeak Oiartzunen sartu berriak ziren, eta Donostia aldera egin nahian zebiltzan. Irundik trenez iritsi ziren Gabierrotara eta Agerre baserritik gora Gaintxurizketako baserrien eremura iritsi ziren. Etxetxo baserrian Usabiaga-Oiartzabal familia bizi zen, osora sei senide, Prexku eta Maria aita-amak eta Agustin, Domingo, Enrike eta Sebastian semeak. Agustin semeak hogeita bi urte zituen, eta soldaduska egiten ari zen, frontean alegia. Gainerako hiruak baserrian zeuden egun madarikatu hartan.

Image

Ama eta hiru semeak. Fotografiak: egile ezezaguna.

Lehen erreketeak bazterretatik ezkutuka pasatzen ikusi, eta arriskuaren beldurrez edo, hortik hurbil zen Miura baserrira joatea erabaki zuten, Domingo semeak bertako alaba baitzuen neskalagun. Aita zelaian gelditu zen belar lanetan, behiak ukuilura sartu beharra zituen, eta ama eta hiru semeak Miura aldera abiatu ziren. Domingok hogeita lau urte zituen, Enrikek hogei eta Sebastianek hamazazpi. Bidetik barrena zihoazela, Mattejoane eta Miura baserrien artean zeudela, Lezo hartzera zihoan errekete talde batekin topatu ziren.

Han zer gertatu zen garbi ez dakigun arren, gauza da erreketeek lau senideak erail zituztela. Batzuek diotenez, hiru mutilak bahitu nahi izan zituzten faxisten tropetan bortxaz sartzeko, eta mutilen ezetzaren aurrean, eta semeetako batek gerrikoan euskal ikurrina zeramala ikusirik, bertan tiro bat eman eta labaina sarturik hil zuten. Gero beste bi mutilak, banan-banan hil zituzten tiroz eta labainez. Ama semeen hilketa ikustera behartu zuten, eta gero, bera ere modu berean erail zuten. Halako balentria egin ondoren, ama-semeen gorpuak bide bazterrean, odol putzu handi batean, utzi zituzten. Hor izan ziren garai hartan Lezoko zabor biltzaile zen Felix Arriagak aurkitu zituen arte. Gurdian sartu eta hilerrira eraman zituen. Gerora, Lezon sartzean, bera ere erail zuten.

Image

Etxetxo baserria. Fotografia: egile ezezaguna.

Halako krimen lazgarria lezoarren gogoan iltzaturik betiko gelditu bazen ere, frankismoaren aro beltzean isilpean itota mantendu behar izan zuten. Horretaz eta beste krimenez ezin zen deus ere aipatu egin. Gaur Etxetxo baserria desagertuta dago, baina Miura baserriak zutik dirau oraindik Altamirako gainean. 2019an lezoarrek lau senideak hil zituzten inguruetan omenezko oroitarri bat jarri zuten. Zer guttiago, modu basa horretan erail zituztenen memoria nolabait atxikitzeko!

Jakin badakigu, zer egin zuten faxista nazkagarri haiek Hego Euskal Herri osoan, eta ondotxo dakigu horrelako gertakizun beltzak gure geografiaren luze-zabal osoan egin zituztela.  Halako balentriak! Bihotza behar horrelakoak egiteko! Gaur hirurogeita bost urte ditut, jadanik ez nauzue historia beltz hori lehen aldiz entzun nueneko gizon gaztea, baina urteek ezin izan dizkidate orduan sentitu nituen mespretxu eta nazka bihotzetik eta oroitzapenetik ezabatu. Barne-barnean estekaturik sumatzen ditut.

Agur eta ohore Etxetxo baserriko ama-semeei, faxismoak hildako guztiei, eta baita aurre egiten ausartu ziren gizon-emakume guztiei ere. Ezin ditut ahantzi, inola ere, nire bi aitonak. Lehena, aitaren aldekoa, Silvestre izena zuena, langile bortxatuen batailoietan esklabo gisa erabili zutena, eta Aritxulegiko tunelean barreno bat lehertzean erail zutena. Bigarrena, amaren aldekoa, Matias izena zuena, gerra bukatu ondoren, urte luzez lur azpiko soto batean ezkutatuta bizi behar izan zuena. Oroitu beharra daukat ere nire osaba Martin, Otxandiano batailoiko gudaria zena, Durangoko bonbardaketan, hemezortzi urte zituela, arrunt txikitu zutena. Hiruak ene gogoan. Inoiz ez dugu ahantziko eta ez barkatuko!

Image

Erreketeek eraildako Etxetxo baserriko ama-semeen omenezko oroitarriaren inaugurazioa 2019an. Fotografia: Oarsoaldeko Hitza.

Oarso Telebista Arriaundin

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Aurtengo abenduaren 31n beteko dira hogei urte Oarso Telebistak emititzeari utzi zionetik eta une egokia iruditu zait oraingo hau oroitzapenen tiraderatik telebista hark eman zuen aleetako bat akordura ekartzeko. Hala, bidenabar, hain maite nuen Lezoko Arriaundi baserriko Lizaso-Arrastua sendiari omenaldi ttiki bat ere egin nahi nioke, eurak baitira ikus-entzunezko horren protagonista.

Gazteok jakingo ez duzuen arren, Oarso Telebista euskaratik eta euskaraz sortutako eta garatutako gure eskualdeko tokiko telebista izan zen. 1995ean, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako euskaltzale talde bat hura sustatzeko lanean hasi zen, eta amets huts zena egitate izatera eraman zuen; eskualdeko herrietako berriak eta jakingarriak euskaraz ezagutzera emateko telebista baten proiektua.

Errenteriako Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteko hainbat kide ekintzailerengandik abiatu zen ideia eta Lezoko Oroitzene AEK euskaltegiak eta Oiartzun irratiak sendo heldu zioten hasieratik ideiari. Gerora, hainbat banako euskaltzale batu zitzaizkion ametsari eta eskualdeko mila bat euskaltzaleren laguntza ekonomiko prestuari esker, 1996ko maiatzean ekin zion euskarazko programazio apal bat emititzeari. Estudio gisa Errenteriako Igantzi kaleko haur eskola zaharra baliatzen zuen —Lau Haizetara elkartearen garaiko egoitza— eta errepikagailua, berriz, Lezoko Joannes Etxeberri institutuan —egun, Lezo institutua— jarrita aritu zen. Pasai Donibaneko Lurdes Txikiren alboko haur eskola zaharrean ere izan zuen errepikagailua telebistak eskualde osoa estali ahal izateko.

Egia bihurtutako amets haren parte izateko zortea izan nuen sorreratik bertatik, eta ateak ixtea ere niri egokitu zitzaidan 2003ko abenduaren 31 triste hartan. Hainbat herritarrek, merkatari ttikik eta eskualdeko lau udalen ekarpenek eutsi zioten proiektuari zazpi urtez; zazpi abal emailek egindako ahalegin ekonomikoa inolaz ere ahaztu gabe. Behar ekonomiko handiak zituen telebista batek, soldatak zirela, teknologia etengabe berritu eta mantendu beharra… Ezinaren ezinez, esan bezala, zazpi urte emankorren ondotik, ateak itxi behar izan zituen.

Telebistarentzako egin nituen lanen artean, berriki berreskuratu ditudan lanbide zaharrei buruzko dokumental labur batzuk aipatu nahi dizkizuet. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin hamar dokumental egin genituen 1998an, galbidean ziren euskal ofizio zaharrak gai hartuta. Nik neronek bost dokumentalen gidoia eta produkzioa egin nituen; artzaintzari buruzko bi, gaztagintzari buruzkoa, arrantzari buruzkoa eta erlezaintzari buruzkoa. Arestian esan bezala, horietarik batzuk, ez denak, tamalez, berriki iritsi zaizkit eskuartera. Maitasun handiz, eta oroitzapenen ganbara —lehen tiradera zena— aldenik alde zabalduta, erlezaintzari buruzkoa ekarri dut gure kai maitera.

Erlezaintzari buruzko dokumentala (1998) herriko Arriaundi baserrian egin genuen, Juan Joxe Lizaso erlezaina adiskide handia bainuen eta Orratx! aldizkarirako ere egin bainion elkarrizketa mamitsu bat. Dokumentalaren aukera aipatu nionean, berehala eman zidan baiezkoa. Harekin batera bere sendi osoak ere baiezkoa eman zidala esan behar dut. Erlezain berezia zen Arriaundiko Juan Joxe; denon harridurarako inolako babesik gabe egiten zuen lan erleekin, dokumentalean ikusiko duzuen bezala, berak zioen ederki ezagutzen zutela bera erleek eta asmo onez aritzen zela ere bazekitela. Bihoakie lerro hauetatik nire oroitzapenik xamurrena, egun, zenduak diren Nartxixo Lizasori, Bernarda Arrastuari, Juan Joxe Lizasori, Maria Rosario Lizasori eta Ramon Lizasori.

Munttar negarrez da. Agur, Joxeba, Urdalamartako itzaina!

XABIER DORRONSORO AMIANO

Image

Joxeba Garmendia Gaztelumendi (Lezo, 1933-2023), etxeko idi parearekin lanean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2019/07/16.

Zail egiten zait une honetan sentitzen dudan guztia antolatzen, baina ahal dudan bezain zintzoen egiten saiatuko naiz. Izan ere, zu, izan zarena Lezorentzat…! Lezo baserritarra, Lezo itsastarra, Lezo kaletarra bizi eta maitatzen dugunok, uste dut, urte batzuen ondotik, ohartuko garela ixil askoan zer eman diguzun.

Jaizkibelen pare bat ordu baino gehiago pasatakoa naiz; nire amonaren lehengusu bazinen ere, urrun sentitzen zintudan, eta eguneroko tokatu beharrak elkar ezagutzera eraman gintuen. Ni goiko plazako probalekuko bizilaguna izateak, plazan ibiltzen zinela, zu mirestera eraman ninduen, probatan itzain zinela.

Plazak utzita zenituela, 2015ean, herriko baserritarren eguneko ferian jotako trumoi eta tximista egunak zure miatxua —bigantxa— izutu eta hura biltzen lagundu izanak, zu eta etxekoak ezagutzeko modua eman zidan; nik heldu eta plazara zintzo iritsi zen, baita Txerrimuñora, kamioia zain zen lekura ere.

Orduz gero, gazte arrogantziak utzi eta zure egunerokotasunari gehiago erreparatu nion, egunero herriko bizilagunei etxeko esnea saltzera jaitsi, ardi saldoa gobernatu, tomate denboran tomateak, gaztak egin eta saldu, sagar bikainak bildu, irasagarra, idiak uztartu eta belarretara edo iñorkiñetara joanabereen azpitarako iratze edota ote sikua lezoarrez—… Jaizkibeldik, eta Jaizkibelgo biztanleentzat.

Herribideen arazoekin ere zurea tinko eta duintasunez defendatu zenuen, garairik gogorrenetan, eta baserritar eta laborariak zure inguruan biltzeko gaitasuna izan zenuen. Egiak bide bakarra duelako.

Bihotzez, eskerrak eman behar dizkizut, ikasgai guztiengatik; koherentziaz (lanean ere motor ibilgailurik gabe), lurretik eta lurrarentzako bizitzea zer den erakusteagatik, egiazko lera eta gainerako ohitura zaharrak egunero erakusteagatik, eguneroko lanak, txinaurri lanak bere fruituak ematen dituela erakusteagatik.

P.D.: Zaude lasai! Beste modu batera bada ere, etxekoengandik hasita, badira Lezon laborantzan, ganaduzaintzan eta sagardogintzan ongi dabiltzan familiak. Negu honetan Munttar negarrez ari da, zuk erakutsiarekin, maiatzeko belar punttak berriz ere badatoz, eroritako zuhaitza, berriz ere muskilduko da!

Urdalamartako idiak. Lan molde baten azkena

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Image ImageImageImageImageImageImageImageImage

(2008ko irailak 3) Uda hartan, urtero bezala, Urdalamarta baserrikoek belar mozketa egin zuten Jaizkibelgo goi lurretako Mugitarko soroan. Belar uzta hori, etxeko behi eta ardien neguko bazka eta azpitarako zuten. Beheko belar soro eta iratzelekuek emandakoaren osagarri. Joxe Garmendia itzainak (Lezo, 1933) zortzi biaje egin zituen etxeko idi parearekin, Txato eta Gorriarekin, Urdalamartaburu eta Tiñelun barrena. Aste bakar batean, iraileko lehenengoan, bost biaje. Eta azken belar zama irailaren 10ean eraman zuen. Bost meta osatu zituzten guztira hark, haren bi alabek eta koinatuak.

Mikel Arrizabalaga Pikabea. Soslaia

PATXI INTXAURRANDIETA AIZPURUA

Image

Mikel Arrizabalaga Pikabea (Lezo, 1952-2022). Fotografia: Gurutze Alberdi, 2021/03/04.

Zortzi senideren arteko hirugarrena, Mikel Arrizabalaga Pikabea Lezoko Kale Nagusiko Arpire-enea etxean jaio zen 1952ko abenduaren 13an. Kilometrotik beherako haur guztien topagune zen Atzekoate, Gurutze Santuaren Eliza, Kaiako “tronkuak”, herriko eskola eta Errenteriako ikastetxe erlijioso bat izan ziren haurtzaro hartako Mikelen leku nagusiak. Hamar urte zituelarik, Telleri-Alden egin zuen garai hartako batxilergoko lehen maila. Hurrengo urtean, Gipuzkoako beste hainbat haurrek bezala, Saturrarango Seminarioko bidea hartu zuen. Hartu genuen. 1964ko irailaren 1ean, Bixintxo egunaz (egun berezia garai hartako lezoarrontzat), joan zen bertara lehen aldiz. Urtero, urtemuga iristen zenean, gogora ekarriko zigun data. Une latzak izaten ziren Mikelentzat familiari eta herriari hiru hilabeterako agur esan beharreko haiek. Nola ez, hamaika urteko haur hark oraindik Xixili amaren altzoan behar zuen eta. Haur argala, azkarra (“pixkorra” garai hartako jende helduak esango zuen bezala), oroimen harrigarrikoa, eta musikarako dohain berezia zuena: tiple bakarlaria izan zen bertan, lehenago Lezoko elizako korukoa izan zen bezala.

Saturraran. Ez zekien asko, ez genekien asko, naturari erreparatuz leku zoragarria den Mutrikuko txoko hura, hogei urte lehenago arte, frankismoaren menpean, ehunka emakume eta haurren zigor esparru izugarria izan zela. Askoz geroago jakin genuen hori. Bertan bi urte egin ondoren, Donostiako Seminariora aldatu zen. Aldatu ginen. Lehen urteetan egoera antzekoa bazen ere, poliki-poliki Elizaren aggiornamentoaren uberan, familia eta gizartearekiko harremanak laxatzen (normalizatzen esan nahi baita) hasi ziren. Ikasketak gizarte zibilarekin parekatu nahirik, garai hartako apaizgaiek batxilergoko azken urteak Donostiako Peñaflorida Institutuan egin zituzten. PREU, Unibertsitateko atarian zegoen ikasturtea bukatu, eta zeukan ikasketa-espediente bikainari esker, oso jende gutxiren eskura zegoen soldata-beka bereganatu, eta Valladolideko Unibertsitatera joan zen Geografia eta Historia ikasketak egitera. Julio Valdeón Baruque irakasle katedradunaren ospeak eta haren ideologia ezkertiarrak erakarririk, Erdi Aroko Historia adarrari heldu zion. Bost urteren buruan lizentziadun, etxera itzuli zen. Geografia eta Historiako eskolak eman zituen Hondarribiko eta Errenteriako Institutuetan; hogeita hamabost urtez azken horretan. Oso gogoko zuen eskolako lau paretetatik at, ikasleak hartu eta, geografia ere irakasten zuenez, Jaizkibelera, Arditurrira… joatea; edo besterik gabe, aro polita bazegoen, institutuko patioan eskolak ematea.

Abertzale sutsua, lau urtez izan zen Lezon Kandidatura Independenteko zinegotzi, artean Patri Urkizu alkate zelarik; eta gero, Herri Batasunako hautagai nagusi, zortzi urtez alkate. Lan eskerga egin zuen herriaren alde. Bere garaikoak dira: Euskal Herria plaza, kiroldegia, frontoi estalia, igerilekua, Musika Eskola, Oroitzene euskaltegia, Haurtxo haur eskola, Jaizkibelgo ur hornidura, industrialdea, Oarsoaldea garapen agentzia… Badugu lezoarrok zer eskertu Mikeli.

2018an, Ilargi alabak institutuko ikasketak amaitzearekin batera jubilatu zen. Geroztik, goizez, bizia ematen zion Jaizkibel mendian arnasa hartu; garaia bazen, perretxikoak (onddoak, ahal zelarik) bildu; eguerdian, Gara egunkaria goitik behera irakurri, lagun zaharrekin sagardo tragoxka batzuk hartu, eta arratsaldean, irakurri eta irakurri. Hainbat gai filosofikok eta, neurri batean, teologikok kezkatzen zuten. Gogoan dut nola, duela zortzi bat urte, hemen inguruan aurkitzen ez zuen liburu bat eskuratu nahi zuen. Teknologia berriekin hura beti borrokan, lagundu nion horretan, eta, nola edo hala, lortu nuen liburua deskargatu, inprimatu, eta urte hartako uda hasieran opari gisa ematea. Ezingo nion ezer hoberik oparitu. A ze poza harena. Bazuen uda hartarako bazka goxoa. Louis Lavelle filosofo frantsesak 1945ean argitara eman zuen Acerca del tiempo y la eternidad zen liburu hura. Besteak beste, gai horiekin zebilen kezkaturik azkenaldian. Askorik uste ez genuenean, apirilaren 11n, bat-batean joan zitzaigun, joan zitzaidan, bihotzeko lagun ona; anaia. Aurkituko ahal zituen han, beti-betiko bakean, kezka eta galdera haien guztien erantzunak.

Bi hilabeteko haurraren biaje tristea Iruñera (1663)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Lezoko neskatxa ezkongabe bat izan zitekeen ama. Eta herriko mutiko pobre bat aita, edo bertako jauntxo harroputza, apaiz integrista, edo aurreko urtean Gurutze Santuko elizan meza kantatua atera zuten soldaduetako bat. Auskalo! Plazer hartu ote zuten alde biek une batez bederen ala bortxaketa krudel bat besterik ez zen izan? Ezin jakin hori ere! Baina jakin badakigu, 1663an norbaitek ezkutuan haur jaio berri bat utzi zuela Gurutze Santuko elizan, zain zezaten. Eta bi hilabetez, herriko kargudunen aginduz, inude batek bularra eman eta zaindu egin zuela. Denbora hori pasa ondoren, ordea, tornuko haurrekin askotan gertatzen zen bezala, Iruñeko ospitaleko inklusarako bidean jarri zuten haur gaixoa. Francisco de Arbelaiz arduratu zen Lezotik Iruñerako biajeaz, zamari eta ostatuetako gastuetaz, inudearen laguntzarekin. Tamalez, haurra hil egin zen hirukotea Iruñera iritsi baino lehen. Eta bertako ospitalean lurperatu zuten azkenik.

Sekreta

Tornuko leihoaren aztarnak, Lezoko Gurutze Santuko elizan; 1675-1682ko handitze lanen garaikoa edo ondorengoa. Fotografia: Lander Zurutuza, 2022.

Joxemielen txapela eta Grimau

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Image

Historia bera bezain luzea eta anitza du ibilbidea guk ezagutzen dugun txapelak. Bistan da txapela sortu eta euskal identitatearen ikur bilakatu artean urte luzeak joan direla bien bitartean haren hedapena ere zabalduz.

Gaur egun, haren erabilera bigarren mailan geratu den arren, oraindik goren mailako errekonozimendu sozial handia du. Ikusi besterik ez dago edozein arlotako ekitaldi edo lehiaketaren irabazleen garaikur gisa, irabazle dela adierazteko, txapeldun dela esaten dugu.

Halaber, kirol elkarteetako kideen artean partaidetasun edo talde identitatearen ikur gisa erabili ohi izan da askotan.

Gauza bera herriak bere ordezkari edota agintari bati ematen dionean… Beste zenbaitetan, berriz, bisitari ospetsuekiko ongi-etorria adierazteko erabiltzen denean ere txapela ematen diogu begirune eta errespetuzko ikur gisa.

Alabaina, heldu diezaiogun idatzi honen izenburuari.

Joxemiel Treku Azkue, abertzale lezoarra, gerra garaian eta gerra ondoko urteetan, frankismo garaian, zigortua eta kartzelaratua izan zen behin baino gehiagotan beste asko bezala.

Atxilo-aldi horietako batean, Julian Grimau Garcia espainiar politikari komunistarekin elkartzea tokatu zitzaion kartzela berean. Egunak joan eta egunak etorri, elkar ezagutzeko parada izan zuten, antza.

Epaiketa egin zioten agintari frankistek eta orduan hain erraz kondenatzen zuten heriotza zigorrera kondenatu zuten hura ere, eta 1963ko apirilaren 20an fusilatu zuten 52 urte zituela, Carabancheleko tiro poligonoan.

Fusilatu behar zuten goizean Joxemiel Trekuk bere euskal txapela jarri zion buru gainean. Zerk bultzatu ote zuen, ordea, Joxemiel, Grimau fusilatzera zeramatela bere txapela buruan jartzera? Zein emozio nagusitu ote zitzaion? Begirunea, errespetua, euskal herritarren ikurra, duintasuna, zintzotasuna… zer sentimendu adierazi nahi zuen?

Seguru nago. Joxemielentzako gauzarik handiena, adierazgarririk handiena eta bera bezalako abertzale batek duintasunez eramaten zuen Euskal Herriko ikurra zela txapela!

Joxemielen txapela, euskal abertzale baten txapela, historiaz, tradizioz betetako txapela hura baino opari handiagorik! Ezinezkoa.

Eta apirilaren 20 hartako goizaldean, pelotoiko tenientearen bi tirok egin zuten 27 balak aurrez egin ezin izan zutena, berunezko keak bakarrik desagerrarazi zituen Grimau eta Joxemielen txapela.

XVI. mendeko bi izengoiti euskaldun (Lezo, 1580)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

XVI. mendeko Euskal Herriko erdal testu administratiboetan murgiltzen garenean, euskal abizenak eta leku izenak topatzen ditugu maiz. Ez da hain ohikoa, ordea, testu horietan euskal izengoitiak topatzea.

Hori dela eta, Lezoko kontu liburuetako 1580ko apunteetan aurkitutako bi izengoiti euskaldun ekarri dira artikulu labur honetara, zein baino zein bitxiagoa, interes berezia dutelakoan.

“vicarraçerre” da lehendabiziko izengoitia, alegia, Bizarraserre (bizar + haserre). Eta Domingo de Elizondo lezoarrarena zen.

“Larruçar” da bigarren izengoitia, alegia, Larruzar (larru + zahar). Eta Petri de Aguirre lezoarrarena zen.

ERANSKINA

prim[era]mente nos hazemos cargo que se cobraron de domingo de arizpe de la derrama que devia dos du[cado]s

de domingo de Eliçondo vicarraçerre quatro R[eale]s por la d[ic]ha rrazon

de gracia de Santa clara y su hijo Juan perez quatro R[eale]s

de petri de aguirre Larruçar quatro R[eale]s

(Iturria: Lezoko udal agiritegia, C/2/I/1/1)

Familia ugariak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Denboraren makineria arakatzen hasi eta zenbat istorio xelebrerekin topa ote gintezke? Oraingoan bada, orri xelebre bezain adierazgarria iritsi zaigu gure eskuetara. Ez dakigu zein aldizkaritakoa eta zein urtetakoa izan litekeen zehazki baina atzeko orrialdeko pilotarien jaiotze urtea ezagututa, hots, 1930eko hamarkada hasierakoak eta irudia ikusita, pentsatzekoa da 1950eko hamarkadakoa izan litekeela, gutxi gora behera, eta arestian nioen gisan Lezoko albiste edo pasadizoz osatua dago berau. Orrialde batean pilotari lezoarren aipamena dakar eta bestean, berriz, Lezoko “familia ugarien” aipamena; biak ala biak, argazkiz osatuak.

Horrela bada, aipatu orrian familia anitzen gainean dioena harrigarria bezain deigarria izaki, A.A. ezizenaren pean Malthusen teoriaren aurkari gisa agertzen dituelako argazkiko familiak eta gainontzeko lezoar familia anitzak ere, bere burua barne.

Lehenik eta behin, aipatu beharrekoa dugu Malthus nor zen eta haren teoria, hitz gutxitan, zertan zetzan: Thomas Malthus (1766-1834) britainiarra ekonomia politikoan eta demografian izan zuen eraginagatik egin zen ospetsu. 1798an, bere teoria ezaguna lau haizeetara hedatu zuen. Aipatu teoria horren arabera, populazioa edota biztanleria geometrikoki handituz zihoan heinean, hau da, progresio geometriko batez, alegia, planetaren baliabide naturalak progresio aritmetikoan haziko zirela bai baina askoz ere motelago. Horrela bada, elikagaien produkzioa urriago haziz, elikagaien gabezian izango zuen eraginak jaiotza-tasaren jaitsiera ekarriko luke luzarora, familia bakanagoak sortuz.

Beraz, Malthusek zer zioen jakin ondoren, goazen orain ikustera zer dioen A.A.k lezoar familia anitz haiei buruz:

Image

Lezon, zoritxarrez, Malthusek ezarritako ezmoral eta naturaren aurkako teoriak jarraitzaile asko dituen arren, halaber, ez dira gutxi teoria murriztaile bezain egoista eta mespretxagarriek engainatzen uzten ez diren senar-emazte katolikoak eta seme-alaben kopuru handia sorrarazi dutenak, Jainkoaren “Hazi eta ugal zaitezte, eta bete Lurra” mandamentuari jarraikiz.

Familia horien artetik gure irakurleei honokoak aurkezteko plazera dugu:

GOIKO ARGAZKIAN: Santos Isasa Irastorza jauna eta Dominica Olascoaga Arrieta anderea, senar-emazteak beren hamaika seme-alabarekin.

BEHEKO ARGAZKIAN: Jose Leon Manterola Yarzabal jauna eta Concepcion Galarraga Ayestaran anderea, senar-emazteak hauek ere hamaika seme-alaba, nahiz eta azken orduko denbora falta dela medio, argazkian hamar besterik ez agertu.

Bistan da, Lezon guztiok ezagutzen ditugula kide ugariko familiak; sei, zazpi, zortzi, hamar, hamalau… seme-alabez osatutako familiak, baina ez dut uste guraso horiek seme-alabak Malthusen teoriari aurre egiteko izango zituztenik. Alderantziz, A.A. deritzon kronistak berak dioen gisan, erlijioa errotik bizi zutelako eta Jainkoaren hitza bete eta mandamentua konplitzeko asmotan baizik.

Image

Manterola Galarraga familia. Fotografia: Figurski.

Lezoko itsas bazterreko oroimena

PATRI URKIZU SARASUA

Image

Lezo. Andres Parayueloren baraderoa.

Image

Lezoko arraunlariak: Patti Urkizu (aita), Rafael Odriozola, Manuel Arrieta, Joxe Joakin Urkizu (osaba), XXX, Antonio Saizar, Euxebio Urkizu (osaba), XXX. Inaxio Larrea, Patxiku Salaberria, Manuel Saizar, Julian Garmendia, Joxe Luis Urretabizkaia, Joxe Manuel Salaberria.

Image

Lezoko treineru honetan, ez dut lortu irakurtzea izena, arraunean egin zuten aitak, osaba Eusebio eta osaba Joxakinek (Torrejilgo Joakin, Iñaki eta beste arraunlari sonadunen aita). Garai hartan Jon Garbizu “Zubigar” olerkariaren arabera, baziren bi ontzi, gazteak eta zaharrak eratuak. Lehenbizikoek Isidoro Irastorza zeukaten patroi eta besteek Joxe Migel Salaberri. Batek San Pedrotarra zuen izena eta besteak Muskerra. Atzean ikusten diren pabeiloiak Andrés Parayuelo baratokiarenak ziren , geroago bertan Gineatik ekarritako zuhaitz enbor lodi eta luzeak egoten ziren lehortzen, almadiak bailirean ekartzen baitzituzten Pasaiako badian barrena honeraino.

Lezoko Arraunlarientzat

[…] Ontziyak ta ba-zuten bada beren ona eta txarra,
txar onek zuben (lengua bada) izena «San Pedrotarra»,
onen aldean askoz obea da beste ontzi: «Muskerra»
Oso ederki egin zenduten nere Lezo’tar maiteak,
kalterik beintzat ez dezute-ta ez batek eta ez besteak,
gañera beti lagun zerate bai zarrak eta gazteak.
Orain ederki danan artean diru orixe gastatu,
ori dalako onen-onena lagun artea agertu,
eta datozten urte askotan orlaxe bada jarraitu.

Jon Garbizu “Zubigar (Lezo 1893-Pasaia 1930)

Image

Willy Koch (Solingen-Alemania 1879 – Donostia 1950) fotografoak ateratako argazkia Lezoko Gurutze Santuaren aurrean, eta Bartzelonan sariren bat irabazia 1947 inguruan. Belauniko aita kriseiluarekin, ezkerretik hasita hirugarrena, eta lehena osaba Eusebio arraunarekin otoitz egiten. Txuri-beltzezko irudiak oso gogoko zituen Willyk eta bere argazkiari halako isiltasun, iluntasun eta bake berezia ematen dio.

Image

Image

Ama Birjina Karmengoaren jaiko estropada aurretik Trintxerpen. Patroia: Juan Luis Urkizu. Joakin Urkizu, Arin eta Joseba Urkizu. Batela: Jaizkibel (1955?).

Image

Patroia: Juan Luis Urkizu. Ondoren: Joakin Urkizu, Joxeba Urkizu eta Iñaki Urkizu (Dorrejilkoa) (1956). Estropada hasi aurretik.

Image

Estropada irabazi eta gero. Juan Luis Urkizu kopa ezkerreko eskuan daramala. Ondoren Joakin Urkizu, Joseba Urkizu eta Iñaki Urkizu.

Image

Iñaki anaiak Pasaiako badian arrapatutako andeja 1954. urte inguruan. Metro eta hirurogei zentimetro bai luze eta hogeita hamasei kilo pisatzen zuen. Makina bat indar eta tira-bira behar izan zituen batelaren barrenera pasatzeko arraia, errenditzeko, alajaina. Badakit La Voz de Españaren barrenean fotografia ere agertu zela Julen Arretxek aterata. Eta oroitzen naiz eskolatik seiretan atera eta etxeratzerakoan hemen denon poza. Tamalez, anaia Iñaki hogeita bederatzi urte zituenean Jaizkibelgo kostan itsasoak eraman zuen, lehorrean emaztea eta lau seme-alaba utzirik.

Image

Eskuinetik ezkerrera: Iñaki Urkizu, arrantzalea, Marikrutx Urkizu Txapa fabrikatik atera berria, andexa 36 kilokoa, ama Maria Luisa Sarasua eta ni. (Fotografia: Julen Arretxe, Lezo 1954).