Edukira joan

Trapujale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trapujale Martixkone baserrian
Trapujale Martixkone baserrian

Trapujale Lezoko (Gipuzkoa) inauterietako pertsonaia nagusia da,[1] 1988an sortua.[2] Erdi gizon, erdi betizu eta erdi zaldi den izakia da.

Garai batean, gosetea eta eskasi hedatua zegoenean, lezoarrak bereziki txiroak omen ziren. Horrela, jatekorik ez zutenez, inguruko herrietakoek trapujale esaten zieten lezoarrei. Trapujale pertsonaia, honenbestez, Lezotarrei deitzen zitzaien aspaldiko goitizenetik sortua da.

Trapujalek lezotarren izpiritua sinbolizatzen du, ez baitugu ahaztu behar azken batean, lezoar guztiok trapujaleak garela. Jaizkibel mendiko leize-zulo batean bizi da Trapujale, eta urtean behin, Lezora jeisten da bertako inauteriei hasiera emateko. Udaletxe aurrean pregoia bota eta ondoren “arranpuila” (hur eta intxaur botatzea udaletxeko balkoitik) egiten da.

Jaizkibelen ere, Marinazkane izeneko sorgina bizi da. Honek betidanik bertako artzaiei abisatu egiten die ekaitz eta enbaten etorreraz, beraien artaldeak babes ahal izan ditzaten. Ordain moduan bertako artzainek zazpi ardi ematen dizkiote. Bere agindutara zazpi ziriku ditu: Munttar, ziriku nagusia, eta Ixku, Aller, Sumi, Tiñel, Sats eta Let, beste seiak.

Behin ez omen zuen ekaitzik egin eta sorginak ez zien artzainei abisurik eman. Lanik egin behar ez zuenez, artzainek ez zioten urteroko zerga ordaindu, eta Marinazkane biziki haserretu zen artzainen jarrera ikusita. Arrunt minduta mendekua iragarri zuen. Garai hartan Inauteria hastekoa zen eta Trapujale eta artzainak Lezoko bidean zirela baliatuz, sorginak bere zirikuei zazpi ardi lapurtzeko eta hiltzeko agindua eman zien. Honela egin zuten, ardiak lapurtu, larrutu, erre eta jan egin zituzten. Zirikuak bere larru berriekin apaindurik herrira jaitsi ziren inauterietan parte hartzera. Artzainak, beren ikurrak zirikuen larruetan ikusirik, beren ardienak zirela konturatu ziren, baina sorginaren beldur, ez zuten deus esan.

Zirikuek berriz, sorginak honela agindurik, lapurra Trapujale zela zabaldu zuten Lezoko lau haizetara, herritarron artean mesfidantza sortaraziz. Jendeak ez zituen zirikuen hitzak gehiegi sinisten, baina hala ere, herri epaiketa antolatzeko beharrean aurkitu ziren. Epaiketaren eguna asteartebeltz izango zen. Epailearen iritziz lekuko bakarrak zirikuak zirenez, epaileak erruduntzat jo zuen Trapujale. Kateaturik, herrian zehar eraman zuten Herio Bidaian deitutakoan, eta ondoren plazan, Subanbada izeneko ekintzari hasiera emanaz, igitai zorrotz batez lepoa moztu zitzaion eta udaletxeko balkoitik bere burua erakutsi ondoren, sutara bota zuten. Bat-batean ahots bat aditu zen, honela ziona:

"Trapujale maiteok, ez gehiago negarrik egin. Burua moztu diate baina ni, oraindik bizi naiz. Ez ahaztu trapujaleen ispiritua naizela, inork inoiz akabatu ez duen ispiritua. Alaitu beraz zuen aurpegiak, abestu eta dantzatu, ni datorren urtean berriro itzuliko bait naiz. Hor duzuen Trapujale gorputzetik txorizoa eta ardoa aterako dira. Jan eta edan ezazue nahi haina, badago eta! Agur trapujaleok, datorren urterarte!Ondo izan lagunak!"

  • Trapujale
  • Marinazkane sorgina
  • Tiñel zirikua
  • Aller zirikua
  • Ixku zirikua
  • Sats zirikua
  • Let zirikua
  • Sumi zirikua
  • Munttar ziriku nagusia.
  • Epailea
  • Aguazila

Zirikuak sorginaren esanetara dauden izakiak dira eta izenak Jaizkibelgo zazpi muinoetakoak dira (Tiñelu, Allerru, Ixkulin, Sahatsa, Lete, Sumillondo, Munttar).

Inauteri egunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostegunetik asteartera izaten dira inauteriak eta egun bakoitzak bere izen berezia du (koloreen esanahia inauterien intentsitatea adierazten du):

  • Ostegunzuri
  • Ostiralori
  • Larunbatgorri
  • Igandeubel
  • Astelehenarre
  • Asteartebeltz

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

lezokultura.wordpress.com orrian trapujaleren irudia (Juan Luis Landa)


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.